AKTUALITATEA


| 2025-03-20 10:44:00

Alde Zaharreko egungo osasun zentroa San Vicente de Paul kaleko Hospizio Zaharrera lehenbailehen lekualdatzeko eskatu du EH Bilduk; izan ere, joan den abenduko osoko bilkuran, Udal Gobernuak EH Bildurekin adostu zuen «ahalik eta lasterren Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza hitzarmena sinatzea, eraikina lagatzeko eta lekualdatzeko».

Auzotarren eskaera hori 2019an hasi zen, Udalbatzak Osakidetzari Hospizio Zaharra ematea onartu zuenean, egungo osasun-zentroak dituen muga nabariak direla eta. EH Bilduko bozeramaileak, Rocio Viterok, azaldu duenez: «Egungo osasun-zentroa kolapsatuta dago, handitzeko aukerarik gabe eta zerbitzua hobetzeko hainbat mugapenekin. Erabiltzaileak eta bizilagunak dira ondoeza pairatzen dutenak eta zentro berri bat eskatu dutenak; horregatik, gure erantzukizuna beren eskaerei ahalik eta lasterren erantzutea da».

Era berean, EH Bilduk azaldu du Udal Gobernuaren aldetik mezu kontraesankorrak jaso dituztela, azken urteetan galdezka eta presioa egiten aritu ostean: batzuetan «asteetan gauzatuko dira erakundeen arteko lagapenerako eta baldintzetarako aldaketak» eta beste batzuetan ordea «ez dugu jasota lagapen hau hasteko izapiderik edo eskaerarik egin denik» erantzun baitiete. Hori dela eta, Rocio Viterok berak aditzera eman duenez, lagapenerako osoko bilkuran akordioa lortu eta 3 hilabete igaro ondoren, berriro ere galderak egingo dituzte Udalean eta Eusko Jaurlaritzan, «zentro honetako 18.000 erabiltzaile baino gehiagok konponbide bat jaso dezaten».

«Herritarren eskari egiaztatua eta gehiengoaren akordio politikoa dago, lagapena gauzatzeko garaia da» adierazi du Viterok.