EH Bilduk Gasteizko jolas eremuetan euskararen erabilera sustatzeko eta normalizatzeko dinamikak abian jar daitezela proposatuko dio Gasteizko Udalbatzari ostiral honetako osoko bilkuran. Jolasa gidatuko duen hezitzailearen figuraren bitartez, familien aisialdian euskara txertatzeko eta ume guztiei euskararekiko harreman normalizatua izateko aukera eskaintze aldera egingo du EH Bilduk proposamena.
«Euskararen normalizazioan oso garrantzitsuak diren bi faktore haurtzaroa eta aisialdia dira. Euskara jolasguneetara eramateak gaztetatik euskara barneratzea eta normalizatzea dakar. Izan ere, normalizazioaren helburua ez da soilik ahalik eta jende gehien hizkuntza ezagutzea, baizik eta jende gehien modu naturalean erabiltzea hizkuntza testuinguru guztietan», adierazi du EH Bilduko zinegotzi Maider Uriartek.
3-9 urte bitarteko haurrei eta euren familiei zuzenduak egon ohi diren ekimenak dira eta jolasa da jardueraren ardatza. «Jolasguneetan hezitzaileek dinamizatu eta gidatutako ekintzak burutuko dira eta saio guztiak doakoak izango dira. Hezitzaileak egon arren, garrantzitsua da haurrekin batera gurasoek edo arduradunek ere parte hartzea, haiek baitira haur horien erreferentziazko pertsonak eta, adituek diotenez, familia bidezko transmisioan eragiteko, familien inplikazioa ezinbestekoa da», dio zinegotziak.
Euskarari lotuta egin diren azken azterketen arabera, gure herri zein hirietan euskararen aldeko joera nagusi da eta euskaldunak, zein euskalduntze bidean dauden pertsonak, euskara erabiltzeko prest agertzen dira inguruak aukera eskaintzen badie. Gasteizko kasuari erreparatuta, euskararen ezagutzak gora egin du azken urteetan, gazteen artean %3 besterik ez dira euskara ulertzen ez dutenak. Erabilerara salto egiten dugunean, aldiz, agerian geratzen da lan asko dagoela egiteke.
Faktore horiek kontuan hartuta, familiak auzoetako parke edo plazetan elkartzea eta euskaraz jolastea ezin garrantzitsuagoa da. Euskara plazetara, parketara eta jolasguneetara ateratzeak, Euskal Herriko hainbat hiri zein herrietan egiten den moduan, helburua bera da: euskara aisialdira zabaltzea eta umeen ohituretan txertatzea. Donostia bezalako hiriburuetan, Pasaia, Beasain edo Orio bezalako herrietan antzerako dinamikak egiten dira jada. Gasteizen ere, Salburua eta Judimendiko auzoetan, jolasguneak euskararen arnasgune bihurtu izan dituzte. «Jardueraren arrakasta eta eraginkortasuna ikusita, egitasmoa egutegietan finkatzea aberasgarria litzateke Gasteizentzat, maiztasun jakin bat ezarriz eta udalerriko hainbat auzora zabalduz».