AKTUALITATEA


| 2024-11-13 09:49:00

Datozen egunetan, Gasteizko Udal Gobernuak 2025erako aurrekontu proiektua aurkeztuko du. Hori dela eta, EH Bildu udal taldea prest agertu da proiektu hori aztertzeko eta udalerriaren lehentasunei erantzungo dieten proposamenak egiteko: babes soziala eta etxebizitza handitzea, sare sozioekonomikoa eta enplegua eraldatzea eta hobetzea, trantsizio eko-sozialean aurrera egitea eta energia berriztagarria sortzea. Azken batean, adierazi duten bezala, «Gasteiz dinamizatzen jarraitzea, herritarrak protagonista izango dituen hiri bizi eta anitza baten alde».

Rocio Viterok, EH Bilduko bozeramailea, honakoa azaldu du: « Euskal Herria Bildun hitz egiteko, negoziatzeko eta aurrekontu akordio batera iristeko borondatea dugu, urte honetan zehar egindako aurrerapenak sendotu eta proposamen eta politika eraldatzaile berriak batzeko».

Joan den urtarrilaren 30eko osoko bilkuran 2024rako udal aurrekontuaren hasierako onarpena bozkatu zen. Ezohiko prozedura luzea izan zen; izan ere, kontuen lehen onarpena Gabonak baino lehen egin ohi zen. Aurrekontu proiektu hori, legegintzaldiko lehena, Euskal Herria Bilduren -Udaleko indar politiko nagusiaren- PSEren eta EAJren arteko akordioari esker atera zen aurrera.

Akordioaren ondorioz, EH Bilduk politika berriak garatzea helburu zuten 15 partida berri sartu zituen Gasteizerako udal kontuetan. EH Bilduren premisa, orduan, «norabide aldaketa aurrerakoi bat eskaintzea» izan zen, «udalerrian proiektu eraldatzaile berriak bideratzeko, politika eta zerbitzu publikoak sustatzeko, bizi-baldintzak hobetzeko eta herritarrak babesteko ziurgabetasun garaian».

Bederatzi hilabeteren ondoren, udal taldeak hasieran onartutako partidak aurkeztu eta gauzatzeko aukera izan du; azaldu dutenez, talde osoaren «lan handia» izan da partida ekonomikoak proiektu eta programa zehatz bihurtzea. Rocio Viterok argitu duenez, «garrantzitsua da, halaber, inplikatutako sailen eta teknikarien prestasuna nabarmentzea».

 

EH Bilduren partidak 2024ko aurrekontuetan

Gizarte-babesari dagokionez, Salburua auzoan etxebizitza komunitario berri bat martxan jarri dute; eta Sansomendiko 50 eta 70 plaza arteko jantoki berri bat eta Aranako jantokiaren berrantolaketa aurkeztu dituzte, beste 20 plaza gehitzeko.

Etxebizitzaren arloan, gazteentzako bloke bat eraikitzeko prozesua abian jarri dute Barreneko Kale Berrian, zortzi etxebizitza izango dituena.

Sustapen ekonomikoari dagokionez, merkataritza dinamizatzeko laguntza-lerro bat abiarazi dute, eta hogeita hamar proiektu berri baino gehiago aurkeztu dira. Correria kaleko bi lonja hazitegi komertzial bihurtzea ere martxan jarri dute. Era berean, eraikuntza iraunkorreko enplegurako laguntzak ezarri dituzte, kalitatezko 15 kontratu egiteko aukera eman dutenak.

Trantsizio eko-sozialari dagokionez, Euskal Herrian energia berriztagarri fotovoltaikoa komunitate energetikoen bidez sortzeko asmo handieneko laguntzen deialdia aurkeztu dute, 600.000 €-rekin. Gainera, bizikleta elektrikoen mailegu-sistema berreskuratuko dute 2025eko udarako. Gasteiz eta Arabako Lautada biosferaren erreserba bihurtzeko proiektua ere jarri dute abian. Ingurumen-ondareari balioa eman nahi dio proiektuak, eta hainbat administrazio eta tokiko eragileren artean aliantzak eta elkarlana sortzea du helburu.

Gasteiz 'Euskararen Hiria' izatea lortu dute lehen aldiz urrian, eta datorren urteko apirilean izango da lehenengo Gazte Plaza. Montehermoso kultur sorkuntza garaikideko zentro gisa birbideratzeko eta sustatzeko oinarriak ere jarri dituzte. Goikolarran espazio komunitario baten sorrera desblokeatzea lortu dute, eta Alde Zaharra auzo osoan fibra sartzeko proiektua bideratu dute.

 

Aurrekontuak 2025

EH Bildutik, lehentasunak definitzeko aurreko urteko ildo beretik jo nahi izan dute: pertsonen bizi-kalitatea babestea eta hobetzea, zaintzak eta babes sozialeko sarea indartzearekin zerikusia duten erabakiekin; eraldaketa ekonomikoa eta trantsizio eko-soziala, erronka global eta lokalen aurrean erantzun berriak eskatzen dituena; energia, etxebizitza, mugikortasuna edo gure ehun sozioekonomikoaren etorkizunari arreta berezia ipintzea; eta Gasteiz bizitzeko ez ezik, bizitzea merezi duen hiri zirraragarri bihurtzeko anbizioa.