AKTUALITATEA


| 2022-03-04 11:09:00

EH Bilduk Gasteizerako mugikortasun proposamena aurkeztu du. Proposamen horrek espazio publikoaren konfigurazioa bere gain hartzeaz gain, jasangarritasunean, segurtasunean eta osasunean oinarritzen da. EH Bilduren ustez, mugikortasunari buruzko hausnarketak espazio publikoaren berregituraketa ekarri behar du berekin. «Mugikortasunak eta espazioaren erabilerak partekatutako hiru aukera handiri erantzun behar dietela uste dugu: jasangarriak izan behar dute diseinuan eta garapenean, seguruak banaketan eta antolaketan, eta osasuntsuak aisirako eta erabilerarako», ziurtatu du Felix Gonzalez EH Bilduko bozeramaileak.

EH Bilduk mugikortasunaren inguruko hausnarketa eta definizio horretan
aktibo izan nahi du, landu duen dokumentuan jasotako ideien bidez. Bertan, mugikortasun eredua aldatzeko 15 neurri jasotzen dira, lau multzo handitan banatuta: mugikortasunaren estrategia, jasangarritasuna, segurtasuna eta osasuna.

Mugikortasun estrategiari dagokionez,
«EH Bilduk lehentasuntzat jotzen du mugikortasun ordenantza berri bat artikulatzea, mugikortasun aktiboa, hiriaren desmotorizazioa, trafikoa baretzea eta pertsonentzako espazio publikoa berreskuratzea lehenesten dituen hierarkia modalari erantzungo diena. Eragile sozial eta politikoekin partekatutako ordenantza», nabarmendu du Amancay Villalba zinegotziak. Era berean, EH Bilduk uste du Gasteizek jasangarritasunean erreferente izateko baldintzak dituela, eta Goya Eraikina Mugikortasun Jasangarriaren Zentro bihurtzea proposatu du. Proiektu horri Miñaoko bateria-gigafaktoria edo Aranako Fabrikazio Aurreratuko Laborategi bat gehitu behar zaizkio, funtsezko industria-sektore bat eraldatzeko eta modernizatzeko ere balio dezaten.

 

Desplazamenduen jasangarritasuna hobetzeko, lantokietarako joan-etorrien erronka konpondu behar da, garraio publiko elektrifikatuko konexio lehiakorrekin eta bizikleta-azpiegitura sare osatuarekin. Era berean, beharrezkoa da TAOaren hedatzeari buruzko bide-orri bat zehaztea, eremu berrietan martxan jartzeak ingurukoei kalterik egin ez diezaien. Ezinbestekoa da, halaber, trafikoaren puntu kritikoetan jardutea, bereziki Latinoamerikako biribilgunean eta Esmaltaciones-Adurtza inguruan, bai eta Isurketa Gutxiko Eremuak sortzen aurrera egitea ere, klima-estrategiaren barruan baldintza hori legezkoa eta saihestezina baita.

Mugikortasun seguruari dagokionez,
«Gasteiz 30Hiria izendatzea ezinbestekoa da. Trafiko integrala baretzeko neurria da, airearen kalitatea eta akustika hobetzen dituena, eta galtzadako garraiobideen arteko bizikidetza hobetzen duena ere», ziurtatu du Villalbak. Halaber, nabarmendu du beharrezkoa dela Bizikleta Azpiegituren Plan bat egitea, sare nagusia eta bigarren mailakoa osatu eta hobetu ahal izateko, eta sare hori behar bezala mantendu ahal izateko, urte anitzeko finantzaketa nahikoa jasoko duen bide-orri baten bidez. Horri ikastetxeetarako mugikortasun autonomoa bultzatzeko plan bat gehitu behar zaio.

Eta osasunaren arloan, mugikortasun jasangarri eta osasungarriko estrategia arrakastatsua oinezko eta txirrindularientzako lekua berreskuratzean oinarritu behar da.
Gasteizko Kaleak Ireki ekimenaren aldeko apustua egiten du, hiriko espaloi eta bideetan oinezkoentzako eta bizikletentzako espazioa irabaztean oinarrituta, kostu ekonomiko txikiko jardueren 'bigunen' bidez. Zentzu horretan, EH Bilduk, auzoko bizilagunek egin bezala, Alde Zaharra oinezkoentzako gune bihurtzea nahi du. Azkenik, EH Bilduk, atal honetan, trenbidearen lurperatze osoa jasotzen du, Salburua eta Zabalgana auzoak kanpoan utzi gabe, eta behin betiko Gasteiz josteko, eta espazio publikoa handitzeko.

 

Ildo horretan, EH Bilduk uste du etorkizuneko Gasteizek helburu orokorrei erantzun beharko diela, hala nola trantsizio energetikoari eta espazio publikoa berreskuratzeari, eta mugikortasun berri baten alde egin behar du, Gasteiz jasangarritasunean erreferente gisa ezarriko duena. Izan ere, mugikortasunari buruzko akordioen esparruan, Gasteiz ez da hutsetik abiatzen, baina geldirik dago orain. «Garaiz gaude gure udalerria aurreratuenen artean kokatzeko ongizateari dagokionez, baita mugikortasunari dagokionez ere. Aurrerapausoak eman dira, bai, baina oztopoak eta atzerapenak ere badaude, eta kudeaketa arduratsua behar da Gasteiz mugikortasun iraunkorraren Europako abangoardian kokatzeko», adierazi du Gonzalezek.