Hilabete inguru obratan eman ondoren, BIZAN Aranak bihar, martxoaren 27an, irekiko du berriro jantokia eta 20 plaza gehiago izango ditu. Igoera horrekin, 70 adineko egunero joan ahal izango dira eta, horri esker, auzoko itxarote-zerrenda ia desagertu egin da eta, gainera, hiri osoko eskaintza 762 plazara handituko da. Udal Gobernuak EH Bildurekin 2024an adostutako aurrekontu-akordioari esker, eskaintza handitu eta 60 urtetik gorako pertsonen beharrak hobeto ase ahal izan dira.
Azken asteotan egindako obren ondorioz, Aranako jantokiko erabiltzaileek etxean jan behar izan dituzte BIZANek emandako menuak. Lanek eragina izan dute jantokiko espazioan, bai eta officean ere (hor ematen diete azken ukitua San Prudentzioko Adinekoei Laguntzeko Zentro Integraleko sukalde nagusian prestatzen dituzten otorduei). Gainera, edukiera handiagoko etxetresna elektrikoak erosi dira (hozkailua, goitik kargatzeko ontzi-garbigailua, labea eta lurrunak ateratzeko sistema), eta altzarien zati bat aldatu da. Beraz, hobekuntzak erosotasunean eta artatutako pertsonen kopuruan nabarituko dira. Guztira, 62.000 €-ko inbertsioa egin da BIZAN Aranaren erreforman.
Gizarte Politiken zinegotzi Lucho Royero pozik agertu da: “zerbitzu gehiago eta hobea eskainiko dugu, eta horrek zuzenean itxarote-zerrenda kentzea ekarri du”. Izan ere, jantokiko 70 plazetatik 67 beteta daude dagoeneko, eta litekeena da gainerakoak ere laster betetzea. Udal-jantokiek abantaila asko dituzte. “Baldintzak betetzen dituzten adinekoek –eta dagokien balorazio soziala egin ondoren– otordu osoa eta osasuntsua jaso dezakete harremanak izateko giro atseginean. Gertuko zerbitzua da eta erabiltzaileek oso modu positiboan baloratzen dute haien ohiko ingurunean jarraitzeko aukera ematen dielako. Horrelako zerbitzuetan inbertitzea zainketetan inbertitzea da, eta ildo horretan jarraituko dugu lanean”, zehaztu du Gizarte Politiken arduradunak.
Bestalde, Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak, “bizitza-itxaropena igotzen ari den gizarte honetan, ezinbestekoa da adinekoentzako zaintza-zerbitzuak alde batera ez uztea. Horri dagokionez, erakundeok erantzukizunez jardun behar dugu, eta zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen autonomia zein bizi-kalitatea bermatu; horretarako, premiazkoa da erabiltzaileek euren auzoetako jantokietara joateko aukera izatea. Gure helburuetako bat auzoetako jantokiak zabaltzea da, bakoitza bere sukalde propioarekin, eraginkorrak izan daitezen eguneroko eskariei erantzuteko eta plazen kudeaketa azkarra eta erraza izan dadin”.
PSEk eta EAJk EH Bildurekin adostutako akordioak beste hobekuntza bat ekarriko du datozen hilabeteetan BIZAN jantokien sarean, udazkenean jantoki berri bat irekiko baitute, oraingoan Sansomendin, halako zerbitzurik ez duen auzoan. 50 plazatarako tokia izango du.
Duela gutxi, Tokiko Gobernu Batzordeak BIZAN Sansomendiko sistema elektrikoa berritzeko obrak esleitu ditu (jantokia egokitzeko ezinbesteko lanak dira). Officea ere eraberrituko da, eta altzari, makina eta tresneria berriak instalatuko dira. Obrak udan egingo dituzte, abuztuko ohiko atsedenarekin batera, erabiltzaileei eragindako kaltea murrizteko. Izan ere, lanak egin ahal izateko, BIZAN zentroa bi hilabetez itxita egongo da.
Gaur egun, eta Sansomendiko baliabide berria ireki bitartean, Adinekoentzako Udal Zerbitzuaren jantokiak 14 dira; horietako 11 BIZAN zentroetan daude eta beste hirurak adinekoen arretarako beste udal-espazio batzuetan. Sansomendikoa 15.a izango da. Bihartik aurrera, Gizarte Politika Sailak jantokiko 762 plaza eskainiko ditu. Jantoki horietan, otordu osoa eta ikuspegi nutrizionaletik egokia eskaintzen dute eta, aldi berean, harreman sozialak sustatzen dira. 60 urte gehiago dituzten eta elikadura egokia izateko arazoak dituzten adinekoak dira hartzaileak, izan familiaren laguntzarik ez dutelako, bakarrik edo sozialki isolatuta daudelako, mendekotasun-arriskua dutelako, 1. mailako mendekotasuna dutelako edo arazo ekonomikoak edo bestelakoak dituztelako. Gainera, laguntzarik gabe jateko gai izan behar dute.