AKTUALITATEA


| 2023-11-04 10:51:00

Hilabete honetan gure jarduera politikoa garraio publikoaren inguruan garatu dugu, zehazkiago Elgoibarko garraio publikoaren gabezien inguruan.

Horrela, urriaren hasieran prentsa ohar bat kaleratu genuen “Kalitatezko garraio publikoaren alde”:

https://www.facebook.com/ehbilduelgoibar/posts/pfbid0MVEcdd6xKrG7QQvWKizi3nyqWDohHasMKRC3piJ8xS1Rx4bgt3j9j5osb5zLEwd7l?locale=es_ES

https://barren.eus/albisteak/politika/10139-eh-bilduk-dio-kalitatezko-garraio-publikoaren-alde-lan-egin-beharra-dagoela-aldarrikatu-du

Eta hil honetako osoko bilkuran mozio bat aurkeztu dugu elgoibartar guztien mugikortasuna hobetzeko neurri zehatzak proposatzeko (Mozioaren aurkezpena eta eztabaida 5. minututik amaierara, https://www.youtube.com/watch?v=dXzl2UMU6y0)

Gure ustez, garraio publikoan Elgoibarren ditugun gabeziak eta gure joan-etorrietan galtzen dugun denbora gehiegizkoak dira.

Autobus zerbitzuari dagokionez, funtsezkoa da Bilborekin eta Gazteizekin genuen zuzeneko konexioa berreskuratzea.

Elgoibar-Donostia linearen ordutegiak egungo ordu zehatzetatik haratago indartu behar dira. Gainera, beharrezkoa da Elgoibarren linea honetarako bigarren geltoki bat izatea Sigman; are gehiago King Kongeko geltokia Maalara eraman denean. Berdin Azkoitia eta Azpeitira doan linearentzat. Zer esan, trenaren eta eskualdeko autobusen ordutegien bat etortzea ekiditearen beharraz.

Gaur egun ez dugu zuzeneko konexiorik Zumaiarekin edo Durangorekin, eta beraz, funtsezkoa da tren-zerbitzuaren maiztasuna handitzea: alde batetik, arratsaldean Elgoibartik Bilborako egun 16:30etan amaitzen den  zerbitzuaren ordutegia zabalduz, eta bestetik, ordubetez behin eskaintzen den Donostiarako zerbitzua ordu erdiro eskaintzea. Izan ere, Elgoibar-Deba trenaren ordu-maiztasuna udan handitzen bada, urte osoan zehar ere zabal baitaiteke.

Azkenik, eta kontuan hartuta Euskal Trenbide Sareak Altzolako geralekua kentzeko hartutako erabakiak altzolatarren garraio-aukerak murriztea dakarrela, herritarren partaidetzarako gure araudiak eskaintzen dituen aukeretako batzuk martxan jartzea proposatzen dugu (herritarren iritzia ezagutzeko prozesu parte-hartzaileak, auzo-batzarrak...), guztion artean sortutako arazoari irtenbide egokia bilatzeko aukera emango duen prozesu bat irekitzeko.

Tamalez, Gobernu taldeak (EAJ-PSE) ez ditu kontuan hartu gure proposamen zehatzak, eta horiek baztertu, lausotu edo hitz polit bihurtzeko ia edukirik gabeko kontramozio hutsala aurkeztu zuen.

Baina hau ez da hemen amaituko. Mugikortasunaren gaia (herri busa, garraio publikoa, bide gorriak, mugikortasun plana...) legegintzaldi honetan landu beharreko gure lehentasunetako bat izan behar duela garbi dugu.