AKTUALITATEA


| 2022-11-25 10:18:00

Elgoibartarrek, 2008an hasi zen krisi ekonomikoaz gain, pandemia jasan dugu eta baita oraingo prezio igoera jasangaitza. Arazo klimatiko-energetikoa ere larriagotu da. Hala ere, urterik urte, EAJ-PNVk eta PSEk egiten dituzten aurrekontuak, jendearentzako eta herriarentzako ezer aldatu izan ez balitz modukoak dira. Immobilismoa da nagusi, urtetan ezer garrantzitsu aldatu gabe. Eta elgoibartarren egoera asko aldatzen ari da, bai horixe.

Bi ikuspuntutatik ez gaude ados aurrekontuekin. Batetik, horiek egiteko prozesua iluna, zurruna eta pribatiboa da. Bestetik, gastu sozialari ematen zaion trataera bigarren mailakoa da.

Prozesuari dagokionez, ezin da onartu herritarrek eskura ditzaketen aurrekontuei buruzko lehen informazioa aurrekontuak onartu ondoren izatea. Guk uste, kudeaketa gidatu behar duten printzipioetako bi gardentasuna eta parte-hartzea izan behar dutela.

EH Bilduk uste du aurrekontuen diseinatze fasean herrian diren elkarte eta indar aktiboen iritziak jaso egin behar direla eta herritarrei orokorrean aldez aurretiko informazioa eman.

Edukiek ere ez gaituzte asebete. Aurrekontu zaharkitu baten aurrean gaudela uste dugu, urteetako gobernu inertziari erantzuten diona, elgoibartarrei eragiten dieten arazo berriei erantzun eraginkorrak emateko beharrari baino gehiago.

Gizarte politika, aldaketa klimatikoa eta trantsizio energetikoa, hizkuntza politika, gazte politika… ez daude behar bezala jorratuta aurkeztutako aurrekontuetan.

EAJ-PNVren eta PSEren aurrekontu-politiken adibide argigarria bizi berri dugu urrian. Inflazioak udala ere jo du eta fakturak handitu ditu. Nola konpondu dute? Gastu sozialera bideratuta zeuden partida batzuetatik dirua kendu eta argia, gasa edo beste faktura batzuk ordaintzeko erabili. Herritarren beharrak handitu diren honetan haiei gehiago bideratu beharrean, gastu soziala murriztu! EH Bildu ez dago jardunbide horrekin ados eta horregatik ez du EAJ-PNVren eta PSEren aurrekontu proiektua babestuko.