Gogotsu eta indartsu ekin diogu ikasturte politiko berriari eta joan den ikasturtean egin genuen bezala hilero jasoko duzue Elgoibarko EH Bilduren jarduera politikoaren kronika labur bat.
Ordenantza fiskalak. EH Bilduk 2025eko ordenantza fiskaletarako negoziazio oinarri gisa proposamen bat aurkeztu zion udal-gobernuari, herritarren arteko desberdintasun arrakalak murriztu eta fiskalitate justuago lortzeko helburuarekin. Gobernu taldeak, ordea, baztertu egin du gure proposamena, eta, plenuan EAJ-PSEren proposamenaren kontra bozkatu dugu.
Esteka honetan EH Bilduren proposamena ordenantza fiskaletarako:
Ibai ondoko proiektuen mozioa. EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuen Deba ibaiaren inguruko proiektuen funtsezko elementutzat hartzeko eskatuz. Mozioa EAJren eta PSEren abstentzioarekin onartu zen. Onartutakoa ahaztu ez dadin, hurrengo batzordean lanean jarraituko dugu etorkizuneko proiektuetan beharrezko aldaketak egin daitezen.
Esteka honetan EH Bilduk mozioan jasotzen duen proposamena:
https://ehbildu.eus/herriak/elgoibar/albisteak/ibaiaren-inguruko-proiektuak
"Auzoekin batera" ekimena. Udal Gobernuak, azkenean, auzoetara hurbiltzea erabaki du, auzoen egoera eta beharrak bertatik bertara ezagutzeko. EH Bilduk 5 urte daramatza auzoetan barrena (Altzola, Santa Clara, Toletxe, Artetxe, Sigma, Sallobente...) auzotarren beharrak eta arazoak bideratzeko eta konpontzeko helburuarekin. Udal-gobernuak askotan gure bitartekaritza-lana kontuan hartu ez duen arren, positiboki baloratzen dugu udal gobernuaren erabaki hori, betiere propaganda-ekintza soila ez bada. Guk, berriz, gure programari eutsiko diogu, auzoetan gure presentzia bermatzeko eta bizilagunekin dugun harremanetan sakontzeko.
Agur Jone eta ongi etorri Joseba. EH Bilduren ordezkari izan den Jone Olaizolak arrazoi pertsonalengatik utzi du EH Bilduko zinegotzi postua. Bere lekukoa Joseba Osorok jaso du. Eskerrak eman nahi dizkiogu Joneri egindako lanagatik eta EH Bilduren proiektu politikoari egindako ekarpenagatik, eta, aldi berean, ongietorria eman Josebari.