AKTUALITATEA


| 2026-09-25 15:49:00

EH Bilduk Irailak 29ko Osoko Bilkurarako mozio bat aurkeztu du, Udalak partida ekonomiko bat aurreratzeko eskatuz, Errezabal egoitzako obrek kaltetutako etxebizitzen konponketak bermatzeko.

Gure lehentasuna herritarren eskubideak bermatzea eta ongizatea izanik, Urazandiko bizilagunek ez lukete aurreratu edo bere gain hartu behar obra publiko baten ondorio diren konponketen kostua.

Hori horrela, aparteko zuzkidura ekonomiko edo funts bat onartzea proposatzen da, premiazko konponketak egiteko edo finantzatzeko. Funts hori behin-behineko aurrerakin gisa ezarriko litzateke, eta horrek ez luke, inola ere, enpresaren erantzukizuna ezabatzea ekarriko.

Prozedura hori behar bezala egituratu beharko litzateke, Udalak, enpresa esleipendunari, aseguru-etxeari edo horretarako ezarritako erakundeei aurreratutako zenbatekoak erreklamatu eta berreskuratu ahal izateko.

Mozioko eskariak labur bilduz:

1. Udal teknikariek baloratutako partida ekonomiko edo funts bat ezartzea, obra amaitu arte atzeratu ezin diren konponketak finantzatzeko.

2. Udalak kaltetu bakoitzarekin hitzarmen bat sinatzea, ordainketa egitean eskubideen lagapena jasota gera dadin.

3. Udalak obra honen komunikazioaren arduradun gisa kontratatutako langileak, kaltetuei arreta eta haiekin zuzenean bete beharreko prozeduretaz arduratzea.

4. Udalak, beharrezkoak diren prozedura guztiak abian jartzea, obraren enpresa esleipendunari, Viuda de Sainz/Urdinberri enpresari, edo harekin lotutako erakundeei, konponketa horiek egiteko aurreratutako zenbatekoak erreklamatzeko.