Deba ibaia gure herriaren garapenerako ardatz egituratzailea izan da bere sorreratik, eta argi dago etorkizunean funtsezko zeregina izango duela.
Paisaia edo aisialdi elementutzat hartzeaz gain, naturguneei ematen diegun balioak gure etorkizuneko ongizatearekin zuzeneko lotuta izango duela uka ezina da. Beraz, ezinbestekoa da ibaia eta haren inguruko espazioak protagonista nagusitzat hartzeko prozedurak antolatzea.
EH Bilduren iritziz, funtsezkoa da Elgoibarren aurreikusita dauden etorkizuneko hirigintza-proiektu guztietan, udal esparrukoetan zein udalaz gaindiko erakundeen esku daudenetan ibaia integratzea. Horregatik, datorren astearteko osoko bilkurarako mozio bat erregistratu dugu, Udalbatzari honako hau eskatuz:
1- Elgoibarko udalerrian aurreikusten diren proiektu ezberdinak ibaiaren inguruan kokatuta egonik, Udalak bere gain har dezala ibaia plangintza handi batean proiektu indibidual guztiak integratzeko erantzunkizuna, ardatz moduan hartuz, berori herriko bizitzan integratuz, erdigunean jarriko duen begirada batekin.
2- Deba ibaia Elgoibarko ardatz egituratzailetzat hartuta, Elgoibarko Hapoan proiektu hauen inguruan beharrezko egokitzapenak egitea.
Azken Lurralde Batzordean gure proposamenaren aurkako jarrerarik agertu ez zela kontuan hartuta, uste dugu funtsezkoa dela gai honetan bakoitzaren jarrera finkatzea eta osoko bilkura baten bitartez instituzionalizatzea.
Mozio hau onartzeak ondorengo garapen juridikoa eskatuko duen prozesu bat abiaraztea suposatuko luke, gure ustez herritarrengan modu positiboan eragingo duena.