Gipuzkoako Batzar Nagusien eskariz, Elgoibarko Udalak 2026ko udaberrirako bukatu beharko zuen Altzolarako berroneratze-planak, aurrerapen nabarmenik gabe jarraitzen du.
Duela gutxi argitaratu genuen bezala, EH Bilduk erdigunerako eta Altzolarako planteatzen diren bi proiektu estrategikoetan, hasierako diagnostiko fasetik modu aktiboan parte hartzea eskatu zuen, baina Udal Gobernuak atzera bota berri du eskaera hori. Hauxe eman zaigun erantzuna:
“Bi prozesuak une honetan azterketa eta diagnostiko fasean daude (Alde zaharra, hasita, Altzola hasteke). Udalaren helburua da oinarri tekniko sendoa osatzea eta diagnostiko horrek auzoen, gizarte eragileen eta udal taldeen ekarpenak ere kontuan hartuko ditu, prozesuaren fase bakoitzean dagokion moduan”
Bereziki kezkagarria deritzogu prozesu hauen inguruan Udal Gobernuak momentuz inolako dokumentaziorik (plangintza, datak, lan ildoak, helburuak…) aurkeztu ez izanari.
Diagnostiko fasea da, hain zuzen ere, sentsibilitate eta ekarpen desberdin guztiak aintzat hartu beharko liratekeen unea, helburuak adosteko unea, gero teknikoek helburuak gauzatzeko behar direnak garatzeko, eta ez alderantziz, lehenik teknikoak eta gero auzotarrak, plan estrategikoen helburuak herritarren eta beren ordezkarien lana baita, laguntza teknikoarekin nahi bada, baina ez teknikoena.
Baina momentuz, estrategikotzat jotzen diren proiektu hauek, informazio publiko nahikorik gabe, berandu eta lehen faseetatik alderdi guztien eta auzotarren parte-hartzea ukatuz egingo da.
Altzolaren berroneratze plana hainbeste urteren atzerapenen ondoren, berriz ere berandu eta gaizki dabil. Auzoa berriro ere iragarki, promesa eta atzerapenen artean harrapatuta geratuko dela dirudi. Eta Alde Zaharra bide beretik ote? Alkatetzan aldaketa beharrezkoa izango dela dirudi benetan aurreratzeko.