AKTUALITATEA


| 2026-06-24 10:46:00

Duela hiru hilabete, Errezabaleko egoitzako obrak aldi baterako geldiaraztea onartu zen, inguruko errepide eta etxeetan antzemandako kalteen ondorioz. Harrezkero, hainbat gertakari izan dira (errepide nagusira isuritako urak, Urazandiko errepide eta espaloian pitzadurak, etxe batzuetan mugimenduak, aurretik zulatutako mendia berriz ere lurrez bete izana...), Urazandiko bizilagunen artean kezka eta ziurgabetasun larriak eragin dItuztenak.

Hori horrela, EH Bilduk argi du bere udal lana oinarrizko hiru helburutara bideratu behar dela. Lehenik, arazoa behar bezala kudeatzen eta udalerriaren interes orokorrak babesten laguntzen duen guztian laguntzea. Bigarrenik, Udalak egoera hori modu eraginkorrean, gardenean eta legezkotasunaren arabera kudea dezan zaintzea. Eta, hirugarrenik, herritarrengandik egunero jasotzen ditugun galdera, zalantza eta kezkei zorrotz erantzutea.

Hiru helburu horiek ezinbesteko baldintza bat partekatzen dute: informazio osoa, egiazkoa eta garaiz emandakoa izatea. 

Horregatik, beharrezkotzat jotzen dugu publikoki salatzea informazio hori ez dela iristen ari egoeraren larritasunak eskatzen duen maiztasun, xehetasun eta gardentasunarekin, ez EH Bilduren 7 zinegotziko taldera, ezta, larriagoa dena, auzotarrengana. 

Hasiera-hasieratik bai ahoz, bai Lurralde Batzordean baita idatziz erregistroaren bidez ere, beharrezko datuak eskatu ditugu antzemandako arazoen benetako neurria eta horiei aurre egiteko hartutako erabakiak ezagutzeko. Hala ere, orain arte jasotako informazioa, partziala, eskasa eta, kasu askotan, berantiarra izan da. 

Jarduteko modu horren azken adibidea: maiatzaren 22an obrak egiten ari den enpresari Udalak «lehen txosten betearazle argi eta ordenatu baten bidez formalizatzea egungo egoerari buruzko informazioaz» eskatu zion eta 15 eguneko epea eman zion horretarako. 

Baina aste honetan jakinarazi digu Udalak arrazoikotzat jotzen duela enpresaren atzerapen eskaera eta ekainaren 23an oraindik ez dago, esaten zaigu, informerik. Adi: apirilaren 1ean gelditu ziren obrak, enpresak hainbat lan egin ditu, sentsore batzuk ipini omen ziren... eta ekainaren 23an Udalak ez du enpresatik txostenik jaso? Martxoko Osoko Bilkurak hitzez-hitz baldintza hau ezarri zion enpresari: «Hormetan jarritako dianen neurketen kontrola egiten jarraituko da, eta Udalari bilakaeraren txostena emango zaio hilero» Hiru hilabete igaro dira, eta ez du udaleko hirigintza arduradunak ezer informatzeko? 

Azalpen horrek erantzun argia merezi duten galderak planteatzen ditu. Horrek esan nahi du jarduera jakin batzuk Udalak baimentzen dituela (mendiari ustez eusteko ehundaka kamioi lurrez egindako zuloa estaltzea, adibidez), horiek behar den informazio tekniko guztia izan gabe? Izan ere estaltze hori justifikatu beharko lukeen txostena eta lur mugimenduen onarpen txostenak eskatu ditugu eta ez zaizkigu eman. Ala, bestela, informazio hori existitzen dela esan nahi du, baina udal-taldeek eta herritarrek informazio hori ezagutzeko edo ulertzeko aukerarik ez dugula? 

Bi aukera horietako bat ere ez da onargarria. Herritarrek eskubidea dute jakiteko zer gertatzen ari den, zer erabaki hartzen ari diren eta zer irizpide teknikotan oinarritzen diren. Eta udal-taldeok informazio hori eskuratzeko betebeharra eta eskubidea dugu, gure kontrol- eta ordezkaritza-eginkizunak arduraz bete ahal izateko. 

Urazandiko bizilagunek ez dute zurrumurru edo isilunerik behar; erantzunak behar dituzte. Eta erantzun horiek gardentasunez, zorroztasunez eta justifikaziorik gabeko atzerapenik gabe eman behar dira.