AKTUALITATEA


| 2026-04-30 11:26:00

Elgoibarko Udalak urtero laguntza-deialdi bat(1) argitaratzen du, enpresa-jarduera berrien sorrera bultzatzeko, jarduera horiek sendotzen laguntzeko eta lehendik dauden negozioen jarraitutasuna bultzatzeko, eta, horrela, tokiko ehun sozioekonomikoa indartzen eta mantentzen laguntzeko.

Azken urteetan emandako laguntzak eta horiek arautzen dituen araudia aztertuta, zenbait aldaketa-proposamen egin ditugu. Helburua da, alde batetik, ahal den neurrian laguntza horiek emateko diskrezionalitatea mugatzea, eta, bestetik, helburu horiek betetzen direla bermatzea. Alde horretatik, saihestu egin nahi da finantza-eragiketa hutsak diruz laguntzea, hala nola udalerriko sare sozioekonomikoa garatzen laguntzen ez duten negozioen salerosketa.

Diskrezionalitatea ahalik eta gehien mugatzeko eta arbitrariotasun egoerak saihesteko -irizpide objektiborik eta justifikaziorik gabe erabakiak hartzea, alegia -, EH Bilduk hainbat proposamen egin ditu. Horien artean, deialdiak jasotzen dituen hiru modalitateetako bakoitzari dagokion aurrekontua zehazteko beharra nabarmentzen da.

Bestalde, aurreko deialdietan gertatu den bezala, udal laguntzak deialdiaren helburuekin zerikusirik ez duten eragiketak finantzatzeko erabili ahal izatea eragozteko, EH Bilduk proposatu du araudiak argi eta garbi bereiztea enpresen ondorengotza prozesuak eta salerosketa eragiketak. Era berean, eskatzailearen jarduera ekonomikoak sortu dituen onuren araberako tratamendu bereizia ezartzea proposatzen dugu, enpresak etekinik badu hori izan dadin lehenik berrinbertitzen dena.

Espero dugu ekarpen horiek oinarri izatea datorren urteko deialdiari begira akordio zabal bat lortzeko eta, horrela, laguntza horien eraginkortasuna hobetzeko, merezi ez duten proiektuei modu arbitrarioan esleitzea saihestuz.

(1) Ekintzailetasuna sustatzeko, enpresak handitzeko edo lekuz aldatzeko, enpresak sendotzeko, enpresen eguneratze digitalerako eta ondorengotzarako laguntzak emateko deialdia eta oinarriak