Ermuaranbideko eta Errotaberri plazako bizilagunekin joan den urriaren 24an izandako bileraren ondoren, EH Bilduk auzo horietan jasotako eskaerak erregistratu zituen Udalean, eta azaroaren 19ko azken batzordean, gure zinegotziek zalantzak argitzeko aukera izan zuten, gobernu taldeak eskaera horiei erantzun eta konponbide neurriak har zitzan. Erantzunak jaso bezain laster auzotarrei jakinaraziko diegu.
Ermuaranbide eta Errotaberri Plaza kaleak Elgoibarko erdigunean kokatuta daude, Ermuaranbideko errekak banatuta. Garai desberdinetan eraikitako etxebizitzak izan arren, bi kasuetan bizilagunak kezkatuta agertu ziren, gune horretako irisgarritasun arazoak eta mantenu faltagatik. Horretaz gain, industria eraikin ugari dituen eremua da, horietako asko lagata daude, eta gainera bide segurtasun arazo nabarmenak dituzte, bertako trafiko nabarmenaren ondorioz.
Hauek dira Ermuaranbideko eta Errotaberri plazako bizilagunek EH Bilduri helarazitako eta Udalean erregistratutako eskaerak:
1-Ermuaranbide kaleko espaloietan garbitasun falta, batez ere ibaiaren aldeko espaloian. Arratoi ugari inguruetan.
2- Ibilgailuen gehiegizko abiadurak arrisku egoerak eta istripu txikiak eragiten ditu. Espaloiak ibilgailuek okupatuz gero, oinezkoentzat arrisku egoerak sortzen dira. Abiadura murrizteko neurriak aztertzea planteatzen da: zebrabideak, badenak...
3- Alokatuta dauden lokal batzuetan ez dira arauak errespetatzen: zarata, zikinkeria, aforoa gainditzea... Hauek zigilatuta egon arren, erabiltzen jarraitzen dira.
4- Hondakinen edukiontziak ez dira irisgarriak. Hauek beherago mugitzea planteatzen da, Errotaberri plazatik ateratzen diren autoen ikusmena ez oztopatzeko.
5-Errotaberri plazako azken aparkalekua libre uztea proposatzen da, autoen ikusmena ez oztopatzeko eta igogailura sartzen diren oinezkoen segurtasuna bermatzeko.
6- Ibaiaren ibilguaren ondoan eta Errotaberri plazaren eraikina inguratzen duen eremu osoan (aurrean, alboetan eta atzekaldean) zuhaitz adarrak eta sastrakak moztu beharra. Hauen maiztasuna handitu eta planifikatu.
7- Igogailuaren behealdean argitasun falta eta baldosa solte ugari. Mugikortasun mugatua duten auzotarren irisgarritasuna bermatu beharra, espaloietako koxka guztiak kenduta.
8- Hutsik dauden pabiloien mantenu faltak arrisku egoerak eragiten ditu (goiko terrazak). Eraikin zatiak erortzen ari dira, segurtasun baldintzak bermatu beharra.