AKTUALITATEA


| 2026-10-05 13:42:00

Kurtso politiko honen hasieran,  azken Osoko Bilkuran eztabaidatutako bi gai oso garrantzitsu nabarmendu nahiko genituzke:

1-EH Bilduren mozioa:

Joan zen astean aurreratu bezala, EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuen Udalak funts ekonomiko bat sor zezan,  Urazandiko eraikinetan, Errezabalgo lanen ondorio izan diren premiazko arazoak lehenbailehen konpontzeko. 

EAJ-PSEk Osoko Bilkuran bertan aurkeztutako kontramozioan, horrelako funts batek eta horrek etxeen arazo bakoitzaren bilakaeraren jarraipena egitea eta dagozkion erantzukizunak zehazteko aukera murrizten zuela argudiatu zuen. Hori bai, azaldu gabe EH Bilduk proposatutako funtsak zergatik murrizten zuen kalteen jarraipena eta erantzukizunak zehazteko aukera.

Eta azalpenik ez zuten eman… egon ez dagoelako. Gobernu-taldearena txipiroiaren taktika baita, eskaerari bai ala ez esan ordez, berriketa nahagarrian murgiltzea jendea. Inor engainatuko dutelakoan. Txipiroiaren taktikari jarraituz, segurtasun neurri gisa sentsore berriak jartzea planteatzen zuen kontramozioak (udalak erabakitzen du hori? Bera da obraren zuzendaria? Eta zergatik ez dituzte lehenago ipini?), nahiz eta aspaldian ipinita daudenen emaitzak oraindik ez zaizkien jakinarazi ez auzotarrei ez oposizioari.

Era berean, enpresaren eta auzotarren arteko komunikazioaz arduratzen den pertsonak komunikazio argia eta arduratsua bermatzen duela adierazi zuten, nahiz eta auzotarrekin egindako azken bileran komunikazio bide horrek ez zuela behar bezala funtzionatzen aitortu zuen Udal Gobernuak.

EH Bilduk, noski, Gobernu Taldearen (EAJ-PSE) kontramozioaren aurka bozkatu zuen eta Gobernuak beraiena aurrera atera zuen.

2. Udalak Elgoibarko Tokiko Energia Komunitate Elkartearekin bat egitea

Osoko Bilkurako 4. puntuan, Elgoibarko Udalak “Elgoibarko Tokiko Energia Komunitate Elkarteko” (TEK) bazkide bihurtzea planteatzen zen. EH Bilduri gai honi buruz bidalitako informazioa urria izateaz gain, proiektuaren datu teknikoak nahita ezabatuta eman zitzaizkion.

OSOKO BILKURAN BOZKATU BEHAR ZEN INFORMAZIOA ESKUZ EZABATUTA EMAN ZITZAIGUN!

Sinistezina? Bai, sinistezina baina egia.

Gainera TEK elkartea pribatua da eta horko presidentea Aser Araujo da (PSEko zinegotzia eta Ingurumen arloko arduraduna), Udalbatzan udala bere elkartera atxikitzeko defendatu duen berbera.

EH Bilduk puntu hori gai-zerrendatik kentzeko eta urriko Osoko Bilkurara atzeratzeko eskatu zuen, beharrezko informazio guztia eskuratu eta azterketa egokia egin ahal izateko. Eskaera horrek ez zuen esan nahi ekimenaren alde edo kontra geundenik.  Helburua, informazio nahikoa eta zorrotza izatea, eta interes-gatazkak izateko edozein aukera saihestea zen.

Hala ere, Gobernu Taldeak (EAJ-PSE) ez zuen onartu EH Bilduk puntu hori gaizerrendatik kentzeko egindako eskaera, eta, ondorioz, EH Bilduk ez zuen puntu horren inguruko bozketan parte hartu.