2025eko erronkei aurre egin aurretik, abenduan landutako gaien errepaso txiki bat egin dezagun:
1. Hilketa matxista:
2024ko abendua, Pasaiako emakume baten hilketa salatzeko EFAk (Emakume Feministen Asanblada) deitutako elkarretaratze batekin hasi behar izan genuen, zoritxarrez aurten berriro errepikatu behar izan duguna.
2. Lurralde Batzordean eskariak:
Azken Lurralde Batzordean bigarrenez eskatu genuen Ermuaranbide eta Errotaberri plazako bizilagunen eskariei erantzuteko. Momentuz ez zaie erantzunik eman, eta beraz, dagokion erreklamazioa erregistratu dugu.
Altzolan, trena bikoizteko obretan, zulo handi bat agertu zela jakinarazi genion hirigintzako arduradunari abenduaren hasieran, eta batzorde horretan horri buruzko informazioa eskatu genuen. Lan hauen erantzukizuna ez dagokiola Udalari izan zen jasotako erantzuna. Dena den, lan horien txosten arkeologiko, geologiko eta hidrologikoen kopien zain jarraitzen dugu.
3. Iruzurraren aurkako kode etikoa:
Azken osoko bilkuran, Europari eskatutako laguntza batzuei lotuta, iruzurraren aurkako kode etiko baten onarpena aurkeztu zen. Funts horiek jasotzeko dugun eskubidea berresten dugun arren, ez dugu gure egiten hauek lortzeko Espainiako Estatuko Konstituzioari men egin behar izatea. EH Bildu Konstituzioari buruzko aipamen hori testu horretan ez agertzeko saiatu arren, ez zen posible izan, eta horregatik, bozketan abstenitzea erabaki genuen.