AKTUALITATEA


| 2022-06-07 12:17:00

Terrazen Ordenantza moldatzea planteatu du udal Gobernuak. Berrikuntza nagusia terrazarik ez duten ostalaritza zerbitzuek hauek kokatzeko aparkalekuak okupatu ahal izatea da. EH Bildu ados dago ostalaritza zerbitzuek terrazak instalatzeko erraztasunak izatearekin eta ordenantza moldatzearekin, baina debate eta lanketa transbersalagoa eskatu dugu, bestela hankamotz geratzen da. Gaia ezin da modu estankoan landu, eskaera guztiak Hirigintzan aztertuz, Trafiko Batzordeak adibidez, asko dauka esateko. Espazio publikoa pribatizatzen den heinean ere, espazio publiko berria sortu beharko litzateke. Pandemia garaian ere, espazio publikoa aztertzeko foroa martxan jartzea eskatu genuen. Ezin da udaleko sail bakoitza bere aldetik joan, elkarrekin landu beharreko gaia da.

Gauzak horrela, udal Gobernuak lanketa transbersal horretarako borondatea adieraz dezan, gutxienez EH Bilduren aspaldiko eskaera bat aurrera eramatea eskatu dugu. Jaso berri dugun txosten tekniko batek ere hori gomendatzen du, San Juan eta Bidebarrieta kaleetako OTA aparkalekuak aparkaleku txuri libreetan bilakatzea.