2022ko aurrekontuari egindako emendakinetan garapen ekonomikora 200.000€ gehiago bideratzea planteatu du EH Bilduk. Batetik, 100.000€ osasun pandemia honetan zehar sortu diren enpresa berriei dirulaguntza zuzen berezi baterako. Eta bestetik, beste 100.000€ pertsonala kontratatuta duten irabazi asmorik gabeko entitateei lagundu ahal izateko.
Sortu diren enpresa berri hauek udalak martxan jarri dituen bi Talka Planetako dirulaguntzetatik kanpo geratu dira, baina udalagandik ere begirune bat ere merezi dutela uste du EH Bilduk, zalantzaz betetako garai hauetan enpresa berriak sortzeko izan duten ausardiagatik.
Zer esanik ez irabazi asmorik gabeko entitateetaz ari garenean. Entitate hauek enpresak ez diren heinean, pandemiari lotutako ohiko dirulaguntza guztietatik kanpo geratu dira. Gainera, entitate hauetako askok une latzak bizi izan dituzte osasun pandemia honetan. Adibidez, osasun egoeragatik entitatea diruz finantziatzeko antolatu ohi izan dituzten ekintzak bertan behera utzi behar izan dituztenean. Gauzak horrela, udalak pertsonala kontratatuta duten irabazi asmorik gabeko entitateak ere diruz laguntzea proposatu du EH Bilduk.