AKTUALITATEA


| 2021-11-10 11:17:00

Bizi dugun osasun pandemia honek kaltetutako sektoreei hainbat dirulaguntza zuzen bideratu eta gero, langileen egoera eta enplegua mantendu duten enpresak saritzeko ordua ere badela uste du EH Bilduk. Horretarako, 500.000€ko diru partida bideratzea proposatu zuen 2021eko aurrekontuan. Egun gutxi batzuk barru jarriko da martxan dirulaguntza berri hau.

Krisi ekonomiko gogorra ekarri du eskutik inoiz bizi izan ez dugun osasun pandemia honek. Hainbat eta hainbat sektore eta eibartar kaltetu dituenak. Bi Talka Plan jarri behar izan ditu udalak martxan egoera honi aurre egiteko, 2021ean bigarrengoa. Oraingoan, EH Bilduren eskutik, langile kopurua mantendu edo handitu dituzten edozein motatako enpresak laguntzeko ordua da.

Enpresa 2020ko urtarrilak 1etik sortua egon beharko da gutxienez. Dirulaguntza hau jaso ahal izango dute 2021eko azaroaren 1ean, 2021eko urtarrilaren 1eko plantillaren bataz bestekoa mantentzen edo handitzen duten pertsona juridiko, sozietate zibil eta ondasun-erkidegoek. Gutxienez ere, enpresek 2 langile izan beharko dituzte. Horrela, dirulaguntzak langile kopuru tarteka, 3.500€ eta 7.500€ bitartekoak izango dira.