AKTUALITATEA


| 2022-07-01 12:42:00

Duela gutxi jaso izan ditugu pandemia garaian enplegua mantentzeko dirulaguntzaren emaitzak. Pozik agertu da EH Bildu bere proposamenak izandako emaitzarekin. Pandemia garaian emandako dirulaguntza zuzenez gain, argi geneukan pertsonengan ere eragina izan behar zutela dirulaguntzek. Gauzak horrela, pandemia garaian enplegua mantentzeko dirulaguntzak 140 industria, komertzio, zerbitzu eta ostalaritza enpresa onuradun izan ditu eta guztiei erantzun ahal izateko 572.500€ bideratu behar izan dira.

140 enpresa horiek 3.500 eta 7.500€ bitarteko dirulaguntzak jaso dituzte. Gainera, lagundutako enpresen gehiengoa enpresa txikiak izan dira. Hain zuzen ere, onuradunen %60a 5 langile baino gutxiago dituzten enpresak izan dira. Pozten gara beraz, pandemia garaian igarotako une latzak zertxobait arindu ahal izanaz.

2021eko gainontzeko emendakinak

Enplegua mantentzeko dirulaguntzaz gain, Andretxea berria behingoz gauzatzea eta basoen kudeaketa iraunkorrerako plan bat martxan jartzea ere adostu genituen 2021eko aurrekontuan.

Berandu bada ere, eta Andretxea zaharra aspaldi txiki geratu eta gero, badoa Andretxea berriaren obra aurrera eta hilabete batzuk barru herriko mugimendu feminista aberatsak eta Berdintasun sailak aspaldi merezitako leku ikusgarri berria izango dute Isasi kalean. Ia 1.000.000€ko inbertsioa suposatuko dute Isasi kaleko eraikina Andretxea berrian bilakatzeko obrek.

Bestalde, Ekolur enpresak egindako “Eibarko udalerriko ingurumen-balio handieneko eremuen egoera ekologikoa kontserbatzeko eta hobetzeko azterlana” ere jaso berri dugu. Aspaldi gabiltza udalak basoen kudeaketarako lur pribatuak erosi edo kustodian hartzeko eskatzen. Lehen pauso bezela, jasotako txostena oso argia da. Bertan azaltzen dira ingurumen-balio handienak dituzten lursailak, jabetzak eta lur horiek kudeatzeko proposamenak. Hurrengo pausua, lur horiek lehenetsi eta kudeatzea izan beharko litzateke, beti ere baso autoktonoa sustatzeko helburuarekin.