AKTUALITATEA


| 2023-07-11 12:16:00

Eibarko Udalaren 2023-2027 agintaldiko osaera Plenoan kritiko azaldu zen EH Bildu. Alkate eta zinegotziek jasoko duten soldata eta dietek hausnarketa sakona behar dutela uste du EH Bilduk. Gainera, PSEk sortutako Batzorde kopuruak premiazko murrizketa eta modernizazioa ere behar dutela azpimarratu du.

Gehiegizkoak dira PSEren udal Gobernuak sortutako 18 Batzorde Aholkulariak, aurreko agintaldian baino bat gehiago eta inolako hausnarketarik egin gabe. 8 urte baino gehiago daramatza PSEk Batzordeen behin behinekotasuna azpimarratzen eta hausnarketa bat behar dutela gogoratzen, baina egiten duten hausnarketa bakarra organo gehiago sortzea da. Kontua ez da Batzordeak etengabe sortu eta gehitzea, baizik eta hauek zentzuz eta argi zehaztutako edukiekin sortzea, eta PSEk ez du horrela egiten. EH Bildurentzat Udala modernizatzeko ordua da, lan egiteko modua aldatzeko ordua da. Herriaren gaur egungo beharrek beste kudeaketa formula baten beharra dute, eta gaiak modu transbertsalean aztertu behar dira, begi integralagoekin eta elkarlanean. Gauzak horrela, 18 Batzorde horiek 8 Batzordeetara murriztea proposatu du EH Bilduk, guztiz berritzaileak eta zeharkakoak: Espazio publikoaren kudeaketarako batzordea; Herritarren ongizaterako eta bizikidetzarako batzordea; Kultura, aisialdia eta ondarearen kudeaketarako batzordea; Udalaren kudeaketaren jarraipen batzordea; Garapen ekonomikorako eta laneratzerako batzordea; Euskara batzordea; Berdintasun Batzordea; eta Hezkuntza Batzordea.

Bestalde, alkate eta zinegotziek jasoko dituzten dietak onartu zituen PSEk, PNVren abstentzioaren laguntzaz. EH Bilduk puntu honen kontra bozkatu baitzuen. Aspaldi dute dieta kontzeptua desitxuratuta PSE eta PNVk. Zinegotzi ez liberatuek jasotzen dituzten dietak ez dira inolaz ere soldata gehigarri bat. Dietaren arrazoia, ordezkari politiko horrek batzordeetara joan ahal izateko bere lana uzteagatik (lana dutenen kasuan) jasotzen duen konpentsazio ekonomikoa da. Dietak jaitsi dituela dio PSEk, baina tranpa egiten ari da. Izan ere, dietak 313€tik 200-250€ jaitsi dituen arren, ez du diru muga ukitu, eta hau hilabetean 1.000€koa da. Hau murriztu gabe, hankamotz geratzen den proposamena onartu da. EH Bilduk, ordea, dietak 100€tara murriztea proposatu du hilean 300€ko mugarekin. Hau da, aurretik azaldutako moduan, ohiko lanpostura ez joateagatik, konpentsazio bezala nahikoa dena.

Bukatzeko, Hezkuntzak Eibarren duen garrantzia beste behin mahai gainean jarri zuen EH Bilduk. Plenoko 14 ataletatik 3, Hezkuntzarekin zerikusia zuten gaiak ziren. PSE beti eskumenetan ezkutatzen da, baina ordua da, Eibarren Hezkuntza komunitate sendoa eta kohesionatua lortzeko eta segregazio-arazoari aurre egiteko, gaia arduraz hartuko duen Hezkuntza Teknikaria kontratatzeko eta Hezkuntza Batzorde aholkularia martxan jartzeko. Gainera, herrian dagoen Haurreskola plaza publiko defizita ere mahai gainean jarri genuen. Iaz guraso eta haur asko zerbitzu publikoa jaso gabe geratu ziren, aurten matrikularen doakotasunarekin bide berdinean goaz. EH Bildu ezinbestekoa ikusten du Udalak eraikin berri bat jartzea Jaurlaritzaren eskuetan haurreskola plaza publiko gehiago eskain ditzan. Nola ez, EH Bildu eraikin egokiena adosten laguntzeko prest azaldu zen PSEren aurrean.