Alokairu pribatuaren prezioen gorakadak, gazteek emantzipatzeko dituzten zailtasunak, hainbat familiek alokairu pribatuko etxeak eskuratzeko dituzten zailtasunak, Eusko Jaurlaritzaren Bizigune zerbitzuaren eraginkortasun faltak, herrian dauden 1000 etxebizitza hutsek… Eibartik erantzun bat behar dutela uste du EH Bilduk. Horretarako, Alokairu Sozialerako udal Etxebizitza Zerbitzua sortzeko konpromisoa hartu du.
Dagoeneko gainera, 2023 aurrekontuetan lortutako akordioari esker, Zerbitzu horren sorrerarako lehen urratsak emango dira. Udalak Eibarko etxebizitza hutsen diagnostiko erreala egitea bultzatu du EH Bilduk eta etxebizitza horien jabeagorekin gerturaketa ariketa bat egingo da, dituzten beharrak aztertzeko.
Jakin badakigu, Alokairu Sozialaren udal Etxebizitza Zerbitzua sortzea anbizioz betetako ekimena dela, baina herrian dagoen beharra argia da eta pauso sendoak emango ditugu bide horretarantz. Gainera, Eibarko Udalak urtero-urtero jabegoan dituen etxebizitza parkea handitzea ere izan beharko luke helburu, hauek alokairu sozialean eskaini ahal izateko.
Arantza Mata, EH Bilduren Eibarko Alkategaiak, joan zen astean gazteen ordezkaritza batekin izandako hartu emanean, emantzipazioa eta alokairuan bizi ahal izateko dituzten zailtasunak izan zituzten aztergai.