Eibartarron osasuna izan dugu une oro egindako proposamenen ardatzean, beraz, erraza izaten ari da alderdi guztion artean adostasunetara heltzea. Elkarlanerako unea da eta horrela jarraituko du EH Bilduk.
Eibartar zaurgarrienak izan ditugu hasieratik buruan. Zaintza asistentzialena bermatuta geratu da hasieratik Eibarren. Inor zaindu gabe gera ez zedin, 65 urte baino gehiagoko eibartarrei Udaletik dei egitea proposatu genuen. Gizarte Zerbitzuetatik dei egiten ari dira. Pozik gaude hartutako erabakiaz, asko dira dei hori eskertzen ari diren eibartarrak. Konfinamendu garai hauetan sor daitezkeen eraso matxistak ekiditze aldera ere, Udalak gai horretan arreta berezia jartzea ere eskatu dugu. Eskura dauden baliabide guztiak azaldu ditu Udalak sare sozial eta komunikabide bidez. Ez zaudete bakarrik! Eta etxeko txikienak erakusten ari diren kemena omentze aldera, etxean egiten ari diren marrazkien erakusketa antolatzea ere eskatu dugu. Ez dute gutxiago merezi.
EH Bildun ustez, zaintza kontzeptua askoz zabalagoa da. Ziur gaude Eibarko etxe askotan zailtasunak izaten ari direla haurren etxekolanak burutzeko eta laguntza eskertuko luketela. Egoera zaurgarrian egon daiteken beste kolektibo garrantzitsu bat, etxeetan lan egiten duten emakumeena da. Hauen egoerari buruzko lanketa bat egitea eskatuko dugu ere. Gainera, egoera honi aurre egiteko arreta psikologikoa jasotzeko zerbitzua ere aztertu beharko litzateke.
Baina neurriak ezin dira hemen bukatu. Udal talde guztiok begi onez ikusi dugu gure eskumeneko udal tasa guztiak aztertzea, autonomo, tabernari edo eta dendari txiki kaltetuenei laguntzeko. Are gehiago, EH Bildurentzat 2020ko udal aurrekontu osoa aztertzeko ordua heldu da. Premiazkoak ez diren ekintza eta proiektuak 2021era atzeratu beharko lirateke, horrela Covid-19aren krisiak sortu dituen eta sortuko dituen ondorioei aurre egiteko baliabide ekonomikoak izango genituzke. Argi dugu ondorio pertsonalak eta sozialak oso handiak izango direla eta Udala herritarren ondoan egotea nahi dugu. Larrialdi egoera honek ere, 2019an Udalak izandako superabita Gizarte Zerbitzuetara bideratzeko aukera zabaldu du. Goazen alderdi guztion artean aztertzera.
Bukatzeko, eskerrak eta besarkadarik beroena ematea nahi diegu: osasungintzako langileriari, pertsona nagusien egoitzetako langileei, kale garbiketako langileei, oinarrizko lanetan dabiltzan guztiei, egunero etxean geratzen zareten eibartar guztiei eta askorentzat posible izateko, saretze lanak egiten ari diren eibartarrei.
Nahiz eta konfinamenduan eta bakoitza bere etxean egon, ziur gaude kohesio soziala handitzen ari dela garai latz hauetan. Krisialdia bukatzean ez da Eibar berdina izango, komunitatea indartuta aterako da guzti honetatik. Zaindu gaitezen!