Badatoz San Juanak eta EH Bildutik jai zoriontsuak opa dizkizuegu. Aprobetxatu gozatzeko, harremantzeko eta Udalak eta gainontzeko eragileek antolaturiko egitarauan parte hartzeko.
Alde horretatik, aipamen berezia egin nahi diogu aurten ere Jaixak Herrixak Herrixandako jai batzordearen lanari. Jai eredu herrikoi, parte-hartzaile, euskaldun eta feminista oinarri izanda eta lan militanteari esker izugarrizko egitaraua egin baitu. Aurten ere, 700 pertsonek parte hartuko dute Gazte Eguneko herri bazkarian. Bistakoa da gero eta harrera handiagoa duela herriko gazteen artean. Zorionak!
Horrez gain, gurekin batera jaiak gozatzera ere gonbidatu nahi ditugu herritarrak. San Juan bezperan dultzaineroei ongietorria eman eta txupinazoan egotera animatzen zaituztegu. Txosnagunean ere gure txosna jarriko dugu udalaren programa ofizialetik harago, esan bezala, jai eredu herrikoi, parte-hartzaile, euskaldun eta feministan sinisten dugulako. Bateragarriak baitira eta guztiok dugulako lekua egitarauan.
Ez dugu aipatu gabe utzi nahi San Juanak denontzako espazio seguru bat izan behar direla. Ez dugu inolako eraso matxista, transfobo, homofobo, arrazista ezta xenofoborik onartuko! Eta zoriontzekoa iruditzen zaigu neska* gazteek protokoloa garatzen hartzen duten lana. Udalaren gabezia ere aipatu behar dugu, ez baita nahikoa udaletik garatzen den eraso matxisten aurkako protokoloa.
Aske maite, aske bizi eta gozatu!