PSEren politika ekonomikoek industria baztertu eta makrozentro komertzial handiak lehenetsi dituzte. Kasu adierazgarriena Alfa enpresa historikoa botatzea izan zen El Corte Ingles makrozentroa eraikitzeko. El Corte Ingles zentro komertzialaren irekiera 2009an Eibarrek bizi genuen krisiaren salbatzaile bezala saldu zuen PSEren Udal Gobernuak. 14 urte beranduago, ateak behin betiko itxi ditu eta Eibarko egoera ekonomikoak ez du hobera egin urte guzti hauetan.
80 milioi euroko inbertsioa suposatu zuen eraikinak behin betiko ateak itxiko dituela jakin berri dugu. 2021ean dark store formatura aldatu zenetik, laister baino beranduago enpresak Eibar albo batera utziko zuela espero genuen.
2009an ateak irekitzear zegoenean, onura guztiak saldu zituen PSEk: Eibar Gipuzkoako eta EAEko epizentro komertzialean bilakatuko zuela; 500 lanpostu inguru sortuko zituela, asko eibartarrentzat; epe luzerako egonkortze helburua zuela; lanpostu guzti horien sorrerak Eibarrek jasaten zuen krisia arintzen asko lagunduko zuela; Eibarko ekonomiako benetako motorea izango zela…
14 urte beranduago Eibarko egoera ekonomikoa berdintsua da. Gipuzkoako langabezia tasarik altuenetarikoa, arrakala soziala gero eta nabarmenagoa, industriaren pisua gero eta txikiagoa da eta PSEren apustu komertziala porrota izan da. Eibarrek bere aberastasuna eta zentralitatea berreskuratzea premiazkoa da.
Gainera, erdigunean dagoen eraikinari bizitza berri bat eman behar zaio, ezin da hainbat eraikinekin egin den bezala, hiltzen utzi. Horretarako, proposamen zehatza egin zuen EH Bilduk 2021ean, Corte Inglesa dark store formatura bilakatu eta behin betiko itxiera aurreikusi genuenean.
Eraikina Garapen Ekonomikoa eta Formakuntza bultzatzeko espazio gisa aproposa dela uste du EH Bilduk. Eskualdeko Garapen Ekonomikoko agentziaren zati bat bertan kokatu daiteke; komertzio txikiaren bultzadarako dauden elkarte guztien egoitza ere; Eibarko erakustazoka berria bertan sortu daiteke; bilera gelak eta jaurdunaldietarako espazioa haina dago ere; enpresa txiki berrien egoitza ere izan daiteke koworkingerako. Eta Eibarren dauden hainbat formakuntza eskaintza bateratu daitezke bertan, asko espazio falta larria pairatzen daudenak: Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutoa; Lanbide, Debegesa eta Udaletik eskaintzen diren formakuntzak eskaintzeko; Hizkuntza Eskola Ofiziala; Helduen Hezkuntzako Ikastetxea; STEAM eta teknologien zaletasuna sustatzeko polo berritzailea ere kokatuko litzateke bertan FabLab formatuarekin eta euskarriak herritarren eskura utziz.