AKTUALITATEA


| 2024-11-13 13:17:00

2021ean ateak itxi zituen Plateruena kafe antzokiak 18 urteko ibilbidearen ostean, eta bi prozesu herritarren ostean, 2023ko Martxoan ireki zituen ateak berriz Plateruena Kultur Aterpeak, Durangoko Udalaren eskutik. Hala ere, 2023ko Ekainean gobernu aldaketa egon zen udalean eta bertan behera gelditu zen hasitako proiektua. Urte eta erdi darama Plateruenak itxita eta esan dezakegu Durangon kulturak birika bakarrarekin arnasten duela ordutik. Lehentasunezko da berriro irekitzea, Durangok behar duelako eta kulturak behar duelako.

Hirugarren parte hartze prozesu baten ondoren, egungo udal gobernuak proiektu berri bat aurkeztu du: Plateruena Musika Aterpea. Proiektu anbiziotsua da. Erakusketarako leku izateaz gain, sorkuntza eta formakuntzarako espazio izatea planteatzen baitu, eta eraikinaren birmoldaketa handi bat. Halabaina, aurreko ereduaren kontrara, kudeaketa pribatua izango du.

Plateruena irekiko bada, ezinbestekoa izango da Euskarak paper protagonista izatea. Bestalde, hamarnaka elkarte eta eragilerekin, Durangok elkartegintza eta kulturgintza oparoa dauka eta proiektu berri honek aintzat hartu beharko du hori, elkarte hauei lekua eginez.

Laburbilduz, uste dugu proiektu anbiziotsua dela, baina kudeaketa enpresa pribatu baten esku uztea arriskutsua izan daitekeela eta Euskararen eta herriko elkarteen paper protagonista bermatu beharko lukeela Udalak. EH Bildutik lanean jarraituko Plateruena berriz irekitzeko eta herritar eta kultur eragileekin elkarlanean gure ekarpena egingo dugu.