Durangoko udal gobernuak aurkeztu ditu, dagokion moduan, 2025erako udal aurrekontuak. Aurtengoak baloratzen sartu aurretik, argi utzi nahi dugu oraindik ez direla martxan jarri 2024ko aurrekontuetako proiektu garrantzitsuenetako batzuk, Energia Komunitatearen proiektua eta Baratze Ludikoena, esaterako. Gainera, aurrekontu parte hartzaileetan herritarrek aukeratutako 9 proiektu abiatu gabe daude oraindik, tartean, Madalenako Ermita hobekuntzak erabilera soziala bultzatzeko eta kantxa eta frontoi irekiak. Proiektu hauetan lehenbailehen lanean hasi dadila eskatzen diogu gobernuari.
2025eko aurrekontuei dagokienez, nahiz eta inoizko aurrekonturik altuena izan (iaz baino ia 300 mila euro gehiago) aurrekontuak ez diete Durangok dituen erronka nagusiei erantzuten.
Besteak beste, dokumentu osoan ez zaio aipamenik egiten etxebizitzari. Etxebizitza eskubidea ezin da merkatuaren esku utzi eta udal gobernuak ardura handia du gai honetan. Izan ere Durangon 1412 alokairu eskatzaile daude eta apenas dago eskaintzarik.
Gainera, ingurumenera bideratutako diru partida %14 jaitsi da iazkoarekin alderatuz. Ulertezina da larrialdi klimatiko betean ingurumenari garrantzi kendu eta diru partida jaistea.
Amaitzeko, nahiz eta berdintasunerako diru partida igo egin den, dokumentuan ez da ageri zaintzari loturiko programa edo proiekturik. Gogoratu beharra dago milaka izan zirela iazko azaroan kalera irten ziren herritarrak zaintza sistema publiko eta duina aldarrikatuz, eta ordutik zaintza plataformak hainbat bider interpelatu duela gobernu hau.
Horrenbestez, hurrengo emendakinak aurkeztu dizkiogu dokumentuari, Durangok dituen erronka nagusiei heldu eta akordio zabal bat lortzeko helburuarekin:
“NORABIDE BAT DURANGORI” PROPOSAMENAREN AURKEZPENA
Bestalde, hilabeteetako lanketaren ostean, Azaroaren 22an “Norabide bat Durangori” dinamika aurkeztuko dugu San Agustinen. Etorkizunak erronka berriak jarri dizkigu parez pare: Larrialdi klimatikoa, aldaketa demografikoak, zaintza krisia… eta Durango etorkizunerako prestatzeko beharrezkoa da herri bezala norabide argi bat adostu eta politika publikoak martxan jartzea. Gaur gaurkoz udal gobernuk ez dauka epe luzerako norabiderik.
Aurkezten dugun dinamika honen helburua hori da, hain justu, Durangok dituen erronkei erantzuteko norabide partekatu bat proposatzea. EH Bildutik aurkezpenera hurbiltzeko gonbidapena zabaltzen diegu herritar, elkarte eta alderdiei.