EH Bilduk osoko zuzenketa bat, aurrekontua betearazteko arauari bi zuzenketa, eduki ekonomikorik gabeko 6 eta 93 zuzenketa partzial aurkeztu dizkio EAJren eta PSEren Udal Gobernuaren 2027rako Aurrekontu Proposamenari.
EH Bilduren ustez, EAJ-PSEren proposamen honek ez die erantzuten ez hiriaren ez donostiarren egungo beharrei, eta berriz ere aukera bat galtzen du Donostiak hainbeste behar duen norabide aldaketa emateko.
Aurrekontuak udal kudeaketarako funtsezko tresna dira, eta ez dugu ahaztu behar dugun borondate politikoaren eta eraiki nahi dugun hiri ereduaren isla direla. EH Bilduren ustez, kontuek sinesgarriak izan behar dute eta argi jaso behar dute zertarako eta nola erabili nahi den donostiarren dirua. Gobernu batek iragarritakoa betetzeko gaitasuna ere erakutsi behar du, eta ez itxaropen faltsurik sortu. Konpromisoa ekintzekin erakusten da.
Eta, kasu honetan, osoko zuzenketa aurkeztu dugu hainbat arrazoirengatik. Presaka egindako Aurrekontuak dira, kudeaketa arduratsuari baino interes politikoei erantzuten dietenak: EAJk eta PSEk eskuartean dituzten datu asko ez daude eguneratuta, eta aurreikusten dituzten diru-sarrerak ere ez dira errealak: jasoko direnak baino txikiagoak dira. Beraz, berriz ere presaka eta inprobisazioz jokatzen da.
Gainera, 2026 honetako Aurrekontuetan jada jasota dauden urte anitzeko partida batzuk desagertu egin dira 2027ko proposamen berritik, azalpen gehiagorik eman gabe. Kezkatzen gaitu, halaber, Osoko Bilkura honen gehiengoak onartutakoa ez jasotzeak; izan ere, hainbat moziori argi berdea eman bazaie ere eta horien edukia Aurrekontuetan islatu beharko litzatekeen arren, partida batzuk kontrako norabidean doaz. Eta beste horrenbeste lau aldiz “saldu” diren baina gauzatu gabe jarraitzen duten proiektuei buruz. Arduragabea da eta gaitasun falta nabarmena erakusten du.
Eta, azkenik, aipamen berezia merezi du Jon Insaustiren Gobernu honek bultzatzen omen dituen eta oker deitutako aurrekontu parte-hartzaileen atalak. EAJk eta PSEk parte hartzera ‘animatzen’ dituzte donostiarrak, baina errealitatea oso bestelakoa da eta datuekin frogatuta gelditzen da ez dagoela borondaterik: 2024tik geldirik daude eta proiektu horien % 90ak gauzatu gabe jarraitzen du.
EH Bilduren eskua luzatuta egongo da, baldin eta konpromisoz eta arduraz lan egiten bada, donostiarrak erdigunean jartzen badira eta emandako hitza betetzen bada. Zentzu horretan, Udal Gobernuaren aldetik ez dugu inolako eskaintzarik jaso, bat izan ezik in extremis atzo, datorren astean bilera bat egiteko, ekarpenak erregistratzeko epea iraungita dagoelarik.
Etxebizitzan jarri du fokua EH Bilduk, EAJk eta PSEk beren proposamenean egin ez duten bezala; izan ere, ez dugu ahalegin gehigarririk ezta krisiari irtenbidea ematen saiatuko den erantzun berririk ere antzeman. Udal talde honen iritziz, Aurrekontu proiektuak aukera aprobetxatu behar zuen etxebizitza berria egiteko, lurzorua erosteko eta erosketen eta atzera eskuratzearen aukerak aplikatzeko, adibidez.
Eta turismoari dagokionez, nahiz eta herritarren gehiengoak esan Donostia gainezka dagoela eta gelditu egin behar dugula eredua birpentsatzeko, sustapenerako partidak mantendu egiten dira, eta hori ez da bateragarria iritzi orokorrarekin. Zentzu honetan, 2030eko Munduko Futbol Txapelketarako aurreikusitako sustapen guztiak bertan behera uztea eskatzen dugu.
Emandako hitza betetzea
Eduki ekonomikoa duten 93 zuzenketei dagokienez, beharrezkoak ez diren edo lehentasunezkoak ez diren gastu eta inbertsioak murriztu ditugu, herritarrei benetan eragiten dieten arazoetara bideratu ahal izateko. Guztira, 20 milioi euro bideratuko ditugu gastu arduratsuago batera 2027an, eta 14 milioi euro gehiago hurrengo bi urteetan.
Kopuru horrekin, hainbat arlotan partida berriak sortzea edo hobetzea da helburua, hala nola, etxebizitzan (21,1 milioi), mugikortasunean (1,7 milioi), auzoetan (6,1 milioi), gizarte-politiketan eta lankidetzan (1,5 milioi) eta berdintasunean (1,1 milioi).
Aurrekontua betearazteko arauari egindako zuzenketek gizarte-gastua blindatzea dute helburu, ez baita nahikoa aurrekontua egitea; konpromisoa betetzea da, eta EH Bilduren helburua da iragarritakoa inbertitzea, eta Udal Gobernuak zenbateko horiek bere kabuz eta Osoko Bilkuraren abala eduki beharrik gabe aldatu ezin izatea; hori da, hain zuzen, arauak gaur egun ahalbidetzen duena.
Eduki ekonomikorik gabeko zuzenketei dagokienez, honako hauekin daude lotuta: GI-20 saihesbidea eraldatzea, hirigintzako eragiketetan salmenta-prezioak kontrolatzea, klausula sozialak betetzea, ekipamenduak eta bizitegi-ekipamenduak modu koordinatuan garatzea, errenten araberako alokairu-araubideko etxebizitza tasatuak eta Amara kaleko partzela lagatzea.
Etxebizitza
EH Bilduren etxebizitza arloko proposamenak 21 milioi eurokoak izango dira urte anitzetan 2029ra arte; zehazki, Etxegintzari egindako ekarpenetan, eraikinak birgaitzeko eta lurzorua erosteko laguntzetarako, Amara kaleko partzela lagatzeko, lurzorua kalifikatzeko eta etxebizitza tasatuaren ordenantza eraberritzeko, besteak beste. Amara kaleko lur-zatiei dagokienez, hiru lur-zatietako bitan babes ofizialeko 20 etxebizitza (BOE) eraikitzea eta hirugarrena lagatzea planteatzen dugu, senior etxebizitza kolaboratiboetara (cohousing) bideratzeko aukera aztertzeko.
Gizarte ekintza eta Berdintasuna
1,1 milioi euro proposatzen ditugu, bi partidatan banatuta 2027an eta 2028an, Groseko erretiratuen etxerako. Proiektu hori funtsezkoa da hiriko auzorik zaharkituenerako, eta elkarte-sareak ia urtebete darama egoitza duinik gabe 2025eko abenduan bat-batean itxi zenetik, eta EAJk eta PSEk ez dute behin betiko aukerarik eskaini.
Era berean, Amara Berrin zaintza komunitarioen proiektu pilotu bat martxan jartzeko 250.000 euroko partida bat sortzea planteatu dugu, eta 1,1 milioi euro, urte anitzeko bi proiektutan, Emakumeen Etxe berri baterako.
Auzoak
Hiriko auzoen artean dauden desorekek kezkatzen gaituzte, eta gai nagusia dela uste dugu. Hiriari bere osotasunean begiratu behar diogu, eta gabezia handienak dituzten eremuei kasu egin. Horregatik, 6,1 milioi euro jarri ditugu mahai gainean beharrezkoak diren esku-hartzeak eta proiektuak egiteko: Bidebietako kultur etxea eraikitzea, Altzako Udaletxe zaharra gaitzea erabiltzen ez den baliabide publiko hau herritarren eskura jarriz, Amara Berrin Haurreskola bat sortzea, Errondon trenbideak estali ondoren ingurua berrurbanizatzea, gaur egun erabiltzen ez den 27. Poligonoko lursail publiko batean aparkalekua eraikitzea eta Astiñene baserria egokitzea Urumeako interpretazio zentro bat sortzeko. Ibaiaren erriberan sinboloa den eraikin historiko honek ezin du denbora gehiagoz itxaron.
Mugikortasuna
Milaka donostiarren eguneroko errutinan funtsezko zerbitzua den Dbus konpainiaren sozietate publikoan, EH Bilduk 400.000 euro bideratzea proposatu du mikrobusen zerbitzua hobetzeko, ‘Intxaurbus’ gaituz, Intxaurrondo eta Intxaurrondo Hegoa modu azkar, eroso eta eraginkorrean lotuko dituen barne linea. Beste behin ere eskatzen dugu Txofre lur azpiko aparkalekuaren kudeaketa publifikatzea, ‘Kata’-ko igogailua eraikitzea, Egian, eta Mirakruz eta Ospitaletako bidegorriak egitea.
EH Bilduk lanean jarraitzen du eta jarraituko du hiri honek merezi dituen Aurrekontuak izan ditzan, pertsonen ongizatea eta bizitza hobetzea, aukerak sortzea eta Donostia orekatuago eta justuago baten alde lan egitea pentsatuz.