Hiriko Politika Orokorreko Osoko Bilkuran, asteazken honetan, bestelako diagnostikoa egin du EH Bilduk: Donostia dago dagoen bezala azkeneko urteetan utzi egin zaielako funts putreei, sektore ekonomiko eta interes espekulatibo zehatz batzuei nahi dutena egiten. Beraien interesaren arabera eraiki da Donostia eta ez donostiarron interesen arabera.
Juan Karlos Izagirre bozeramailearen hitzetan, planteamendu hauekin inbertsio handien kapitala erakartzen jarraituko dugu Donostia etxebizitzan inbertitzeko produktu gisa ikusten dutenen artean. «Eta ados al daude donostiarrak honekin?», galdegin du.
EH Bilduk azterketa sakona eta epe labur, ertain eta luzerako plangintza planteatzen ditu, helburu argiekin: hobeto, eroso, gustura biziko garen Donostia bat, donostiarren beharrei erantzungo dieten politikekin, Donostia etekin ekonomiko pertsonalik handiena ateratzeko aukera gisa besterik ikusten ez dutenak geldiaraziko dituena. «Izan ere, alkate jauna, funts putreei eta jabego handiei ez zaie exijitu behar, legeen, dekretuen eta beste araudi batzuen bidez geldiarazi behar dira, eta zuek, EAJk, automatikoki ezetz bozkatu duzue beti. Beraz, ez zarete sinesgarriak», esan du Izagirrek.
Ez dute balio gobernatzen jarraitzeko eta hiri eredu bera garatzen jarraitzeko helburu bakarrarekin plazaratzen diren aldarrikapen arranditsuek.
Zer sinesgarritasun du EAJk espekulazioari eta funts handiei muga jartzeaz hitz egiten duenean, haiei guztiei alfonbra gorria jarri diena izan denean?
Zer sinesgarritasun du EAJk, etxebizitza legeei ‘ez’ bozkatu dienak; Donostia hiri tentsionatua izendatu nahi ez zuenak; urte hasieran ezkutu soziala luzatzea babestu ez zuenak eta hainbeste etxegabetze saihestuko zituenak, baita Donostian ere; etxebizitza eskasiaren gaiari irtenbide berriak ematen hasteko osoko bilkura honetan planteatutako EH Bilduren 21 proposamenei ezetz bozkatu zienak?
Zer sinesgarritasun du EAJk orain etxebizitzaren arazoa konpontzeko neurriak dituela esaten duenean? Eskuina dela erakutsi du EAJk; euskalduna, baina eskuina; interes zehatz batzuk defendatzen dituena, eta PP, VOX eta Junts-ekin batera gehiengoaren interesen aurka bozkatzeko eragozpenik ez duena. Eskuina ez da etxebizitzaren arazoa konponduko duena izango.
Hiriaren hirigintza-eraldaketaren aldeko apustua egiten dugu EH Bildutik, kostaldearen ardatzean oinarritu dadin, masifikatuta baitago eta horri dagozkion arazoak baititu. Horrez gain, jada garatu behar diren beste bi ardatzetan oinarritu dadila nahi dugu: Urumeakoa eta GI-20koa.
Hiria ulertzeko modu honek beste argazki bat ekarriko du, eta hiriko erronka handiei erantzuteko balioko du: bizileku-larrialdia, turismoa zentzuz gobernatzea eta desoreka sozialak eta auzoen arteko desorekak zuzentzea lortzea. Auzo guztiak bizigarriak izan daitezen, bizitza propioarekin, eta beren auzo eta hiriaren parte sentituko diren herritarrak lortuz, bizi kalitate eta asebetetze maila hobearekin, defendatu du bozeramaileak.
Etxebizitza eskubidea da
EH Bilduren proposamenak berriak dira, ausartak eta egingarriak. Formula zaharrek ez dute arazoa konponduko. Iragarri duenez, epe motz-ertainean egin daitezke batzuk, beste batzuk orain planifikatzen hasi eta epe luzerako begiradakoak dira. 11.000 etxebizitza berri, denetara. «Noski, hauetatik gehienak babestuak beharko dute izan, eta alokairurako, beti ere prezioa bertan bizi direnen diru-sarreraren araberakoa».
Baina 11.000 etxebizitza berri egiteko plangintza horrekin batera, eraikita dagoen hirian esku hartu behar dela defendatu du. Eta borondatea badago, posible da. Etxebizitza hutsak merkatura atera behar dira; pisu turistikoak iraungitzearen aldeko apustua egin behar da; jarduera ekonomikoak dituzten pisuak bizitegi-erabilerara bueltatzea sustatu behar da. Hiru neurri hauekin 3.800 etxebizitza arteko bizitegi-erabilera berreskura genezake.
Horiei gehitu behar zaizkie etxebizitza babestuen kalifikazioa duten 4.400 etxebizitza berri, lehendik dauden eraikinetan obra edo biziberritze integralerako baimenak eskatzen direnean sor daitezkeenak, baldin eta eskatzen den obrarekin aurretiazko etxebizitza kopurua handitzen bada. «Eta hori guztia, lurzoru metro karratu bat gehiago okupatu gabe posible da. Erabaki politikoak norabide horretan hartzea besterik ez da falta, ausardiaz eta anbizioz. Juridikoki posible da».
Osoko Bilkura honetan bada gehiengo aurrerakoi bat bide horretatik aurrera egin lezakeena, eta dei egiten dugu hemendik aurrera, iritsiko den gobernu aldaketaren zain egon gabe, norabide horretan jardun dezagun.
Turismoa gobernatu
Hemen ere hasi beharko genuke aitortzen azkeneko urtetan egindakoa guztiz kaltegarria izan dela hiriarentzako eta donostiarrentzako. Turismo sektoreak gora egin du, bai, baina zeinen truke?, jakin nahi du EH Bilduk.
Izagirrek eskatu duenez, hiri guztirako hartu beharreko neurriak hartu behar dira: hotel gehiago ezin da baimendu, salbuespenik gabe; eta pisu turistikoen kopurua gutxitu behar da hauei iraungitzea aplikatuz. «Ikerketa serioa egin behar dugu hiriak eta auzo bakoitzak ze karga-ahalmena duen ezagutzeko; bertako auzotarrek errekuperatu dezaten galdutako bizi-kalitatea, zerbitzu eta ekipamendu publikoen gabezia, mugikortasuna eta espazioa publikoaren erabilera. Berriro ere protagonistak izan daitezen bere auzoan».
Auzoen arteko desorekak eta arrakala soziala
EH Bilduk berriro dio: Donostia kostaldea baino askoz gehiago da. Kostaldea turismoari saldu zaion bitatean, urtetan egindako politikek auzoen arteko desoreka handitu egin du, desoreka sozialak ere areagotuz. Gero eta zailagoa da, nahiz eta lana eduki, bizi-kalitate duina mantentzea, eta etxebizitza utopia da askorentzat.
Planteatzen dugu Donostia bere osotasunean begiratzea, jarduera ekonomikoak eta etxebizitza-mota ezberdinak dibertsifikatzea, zerbitzu publikoen gabeziak dauden lekuetan hauek zuzentzea, mugikortasun aukerak hobetzea, eta komertzioa eta oinarrizko zerbitzuak bermatzea.
Politika egiteko moduak
Amaitzeko, Izagirrek auzoak eta auzoetako eragile eta elkarteak goraipatu ditu. Bere hitzetan, ondo antolatutako auzoak izatea, proposamen edo arazo baten inguruan sortutako plataformak, izaera ezberdinetako elkarteak izatea «tresna zoragarriak» dira hobeto gobernatu ahal izateko. Hartutako erabakietan guztiak inplikatzeak esan nahi du herritarrak zuzenean inplikatzen direla tokiko politikan, hartutako erabakiak norberarenak balira bezala sentitzen dituztela, eta, gauzak ondo eginez gero, atxikimenduak handitzea eta arbuioak murriztea lortzen dela.
Gobernu honek ordea, eta eskuinak orokorrean, ez ditu gustuko gauza hauek, norabide bakarreko prozesuak eginez. Eta honek, etsipena eta instituzioetatik urrunketa sortzen ditu herritarren artean. Parez pare jarri behar ditugu elkarte eta eragile guztiak, auzoetatik jaioak izan edo sektore zehatz bateko ordezkariak izan. Denak dira Donostia eta denek dute zer aportatu.
«Urte hauetako balorazioa txarra da -adierazi du-. Donostiak hartu duen norabidea donostiarren aurka doa. Aldatu beharra daukagu. Diskurtso antzuak eta marketing-kanpainak alde batera utzi eta egin beharra dago, benetan, donostiarren alde. Sinesgarritasuna falta zaizue. Ekintzekin desitxuratu duzuena hitzekin konpondu nahi duzue, azkeneko unean, hauteskundeen atarian. Hori ez da politika zintzoa egitea, hori ez da herritarren bizitzak hobetzea».
EH Bilduk argi dauka: esaten duguna egiten dugu. Egiten ditugun proposamenak herritarrekin partekatuak dira, egingarriak, esperientzia positiboetan oinarritutakoak, eta hauek muturreraino eramateko prest gaude. Gure xedea jendearen bizitzak hobetzea delako. Ez daukagu besterik, hori gara.
«Aldaketa gosez daude donostiarrak, beraien bizitzak kontutan hartzen direla ikusi nahi dute, orain arte egin ez den bezala, eta gauzak beste modu batera egiten dituen gobernu bat nahi dute. Hori ez da gertatuko Insaustirekin, PNVrekin. Hobekuntzak gobernu aldaketa betekin etorriko dira, eta EH Bildu prest dago ardura hau hartu eta Donostia norabide egokian jartzeko».