Interes pribatuak interes orokorraren gainetik jarri ditu beste behin Udal Gobernu honek. Oraingo honetan, Miramar parkearen erabilera pribatizatu du ‘Miramar Magikoa’ deritzon ikuskizunaren harira. Azken urteetatik hona ekitaldi pribatuak tarteko gertatu izan denaren bidetik, Antiguako auzotarrek eta herritarrek oro har, parkera sarbidea debekatuta izango dute abenduaren 4tik urtarrilaren 5era, egunero, 17:30etatik aurrera.
EH Bildutik gure kezka eta ezinegona azaldu nahi dugu gertatzen ari denaren aurrean, eta nola Miramar bezalako espazio libre eta publiko bat jarri den interes pribatuen mesedetan. Gainera, Gobernuak parkearen sarreran jarri duen ohar baten bidez baino ez ditu eman azalpenak herritarren aurrean egunero itxiko dela iragarriz.
Auzotarrek adierazitako kexekin bat egiten dugu. Gertatzen ari dena tamalgarria eta arbuiagarria da, baita kezkagarria ere, honen atzean hiria egiteko modu bat dagoelako. Nola da posible espazio publiko hau errendimendu ekonomikoa lehenetsiz erabiltzea herritarron aisialdirako aukeren gainetik? EAJ-PSEren hiri eredu hau irmo kritikatu nahi dugu EH Bildutik.
Donostia Sustapenak antolatu du ekitaldia, eta enpresa arduraduna aipatzen ez den arren, atzean ‘Naturaleza Encendida’ dagoela dirudi. Madrilen bost urtez ospatutako argi-ikuskizun honek bizilagunen zein ekologisten kexa ugari jaso ditu, besteak beste, espazio publikoaren pribatizazioagatik, eta Donostiako Udalak aurrekari horiekiko axolagabekeriaz jokatu duela dirudi.
Horregatik, gure desadostasuna eta ezinegona helarazi nahi diegu Donostiako espazio publikoen kudeatzaileei, eta, aldi berean, gune horiek pribatizatu eta komertzializatzea saihesteko eskatzen diegu, auzotarren erabilera libreari lehentasuna emanez. Horrez gain, uste dugu denona den espazio publiko bat itxi eta sarrera kobratzeak herritarren arteko arrakalak baino ez dituela areagotzen. Aisialdi honek doakoa izan behar du, eta librea.
EH Bildutik gaiari arduraz helduko diogu. Eredu honekin amaitzeko unea da: parkea ixteko erabakia bertan behera uzteko eskatzeaz gainera, dagokion foroan azalpenak eskatuko dizkiogu Udal Gobernu honi.