AKTUALITATEA


| 2025-12-18 13:40:00

Gaur agerian geratu da Udal Gobernu honek ez duela inolako borondaterik gizarte-politiken arloan gehiengo zabaletik eta adostasunetik akordio bat lortzeko. EAJk eta PSEk, PPrekin batera, kontrako botoa eman dute EH Bilduk Insaustiren Gobernuak gaurko Osoko Bilkuran larrialdiari eta kale egoeran dauden pertsonei arreta emateko programei buruz aurkeztu duen mozioari egin dizkion proposamenei. Proposamen itxia jarri dute mahai gainean, eta ez dute aldaketarik onartu. EH Bilduren udal taldetik etenaldi bat eskatu diogu alkateari ekarpenak in voce negoziatzeko eta adostasun batera iristen saiatzeko, baina eskaera ez da aintzat hartu.

EH Bilduren aburuz, gaurkoa galdutako aukera bat izan da, baldin eta, benetan, Udal Gobernu hau eztabaida politiko bat izaten saiatu bada, egoerak exijitzen duen tamainako ikuspegiarekin, irtenbide integral bat emateko, adostasunetik abiatuta. Tamalez, egiaztatzen duguna da atzean interes alderdikoiak baino ez daudela.

Gero eta herritar gehiago kale egoeran dauden honetan, gizarte-larrialdi testuinguru honekin dugun konpromisoa berresten dugu. Insausti alkateari entzutea, hitzez hitz, mozio proposamena egin duten taldeek (EA-J eta PSEk) EH Bilduren ekarpenak «in voce negoziatzeko borondaterik ez dutela», ezer ez dela aldatu berrestea da. Edonola ere, gobernantza ireki eta kolaboratiboa defendatzen jarraituko dugu.

Gaur, EH Bildutik eskatzen genuen erakundeen erantzukidetasuna bermatzea larrialdi sozialeko eta bizitegi-bazterketako egoeren arretan, eta behar diren baliabideak gaitzea (ekonomikoak, teknikoak eta plangintzakoak) Donostian gaur egun onartuta dauden zerbitzuak lurralde-estrategia batean txertatzeko. Ezezkoa jaso dugu.

Horretarako, eta Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legeak ezartzen duenari jarraituz, proposatu dugu «ahalik eta azkarren» biltzea Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoa ─Eusko Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek osatua─, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren jarduerak, kudeaketaren eta arretaren kalitatea eta kohesioa harmonizatzeko estrategia nagusiak, jarraibideak, egiturazko elementuak eta tresna komunak adosteko, bai eta gizarte- eta egoitza-bazterketaren arloko foru- eta toki-araudietako xedapenen parametro komunak adosteko ere.

Era berean, EUDELen barneratutako Gipuzkoako Gizarte-Zerbitzuen mahai iraunkorraren prozesua bizkortuz, diagnostiko partekatu bat egitea proposatu dugu. Diagnostiko horretan, Gipuzkoako Gizarte-Zerbitzuen Mapan zehaztutako gizarte- eta egoitza-bazterketarako baliabideen estaldura zenbateraino betetzen duten jasoko da, bai eta zer estaldura behar den ere, gaur egun lurraldeko biztanleek arlo horretan dituzten beharrei erantzuteko. Horretarako, sistema koordinatu eta orekatu bat sortuko da, baliabide partekatuak eta lurralde-banaketako mekanismoak ezarriz. Puntu hau ere ez da eztabaidatu.

Azkenik, proposatzen genuen Eusko Jaurlaritzak aurrekontu-zuzkidura bat ezar dezala Etxerik gabeko Pertsonen Euskal Estrategiarako, hura bete eta garatzeko modua izan dadin. Ez EAJk, ez PSEk, ez PPk ez dute babestu.