AKTUALITATEA


| 2025-12-23 11:34:00

EH Bilduk berriro salatu du Udal Gobernuak La Cumbre eraikina lagatzeko prozesuan erakutsi duen geldotasuna. Eraikin honek gure herriaren azken urteotako historia iluneko alderdi bat sinbolizatzen du, duela 40 urte baino gehiago GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala torturatu eta kare bizian lurperatu zituztenean. Lorategi zabalez inguratutako eraikin hau udalaren esku geratuko litzateke, lagapenean adostutako helburua gauzatzeko eta Aieteko bizilagunen eta donostiarren gozamenerako.

2022ko ekainean, EH Bilduk akordioa lortu zuen Espainiako Gobernuarekin, eraikin hau eta bere lorategiak Donostiako Udalari doan lagatzeko, urte bereko urrian onartutako Memoria Demokratikoaren Legea onartzeko negoziazioen testuinguruan. Akordioak ezartzen zuen lagapena legea indarrean sartu eta urtebeteko epean gauzatu behar zela, gehienez ere.

Hala ere, gaur, 2025eko abenduaren 23an, lagapena oraindik gauzatu gabe dago. Aurreko legealdian, EH Bilduk behin eta berriro salatu zuen garai hartako alkate Eneko Goiaren eta bere gobernu-taldearen ekimen falta, ez baitziren abiatu hiriarentzat guztiz onuragarria zen akordioa gauzatzeko beharrezko izapideak.

Ordutik, EH Bilduk ekimen instituzional ugari egin ditu egoera desblokeatzeko. 2023ko uztailean, Udal Gobernuaren utzikeriak izan zitzakeen ondorioez ohartarazi zuen jendaurrean, eta lehen kontrol mozio bat aurkeztu zuen legealdi hasierako ohiko osoko bilkuran, baina atzera bota zuten EAJ, PSE eta PPren botoekin. Urte bereko urrian, EH Bilduk beste kontrol mozio bat aurkeztu zuen, akordioa gauzatzeko beharra azpimarratuz. Azkenik, 2025eko maiatzean, Osoko Bilkurak mozio arrunt bat onartzea lortu zen, Espainiako Gobernuari La Cumbre jauregiaren lagapena burutzeko eskatuz.

EH Bilduk gogorazi du Udaleko Giza Eskubideen Batzordean adostutako akordioaren zirriborroa egon badagoela, eta Espainiako Gobernuak berak oniritzia eman diola edukiari. Akordioak jasotzen duen bezala, eraikinak Estatuaren biktimen aitortzarako Memoriaren Zentroa izan beharko du, eta, gainera, lorategiak herritarrek erabil ditzaten irekita egon beharko du.

Gaur egun, akordioa sinatzea baino ez da falta. Hori dela eta, EH Bilduk Jon Insausti alkateari eskatu dio dagokion erantzukizun instituzionala bere gain hartzeko eta, behingoz, telefonoa hartu, Estatu idazkariari deitu eta lagapena behin betiko sinatzeko data bat ezartzeko.

Donostiak ezin du La Cumbre berreskuratzeko aukera galdu; espazio honek sinbolismo historiko handia du Donostiako eta Euskal Herriko herritarrentzat, eta funtsezkoa da memoria demokratikoaren, Estatuaren biktimen aitortzarako eta memoria historiko partekatuaren eraikuntzarako, elkarte memorialistek eskatu bezala.