AKTUALITATEA


| 2025-02-12 13:55:00

Hilabeteetako ziurgabetasunaren ostean, Loiolako kuartelen hirigintza operazioa aurrera eramateko mugatze lerroaren korapiloa argitu izana albiste ona da, etxebizitza berrien antolamendua herritarren beharretara hobeto egokitzeko aukera ematen duelako. Eta, era berean, aukera irekitzen duelako hiriaren eremu horretan aspalditik beharrezkoak diren eta bizilagunek aldarrikatzen dituzten ekipamendu eta zerbitzuak martxan jartzeko. Zor historikoa dago Urumearen ibarrean bizi diren donostiarrekin.

Espainiako Gobernuarekin 2023ko abenduan sinatu zen hitzarmena behin behinean etenda egon ostean, berraktibatuko den une hau bera baliatu nahi dugu Donostiako Udal Gobernuari eta Espainiako Gobernuari arduraz kudeatu dezatela eskatzeko, konpromisoz eta egiazko borondate politikoarekin Donostian dugun etxebizitzaren arazo larriari aurre egiteko.

Hitzarmena hobetu daiteke Donostiaren interesei dagokienez gehiago exijituz; hau da, ordainduko diren 74 milioi euroak eta aurreikusitako etxebizitza publiko babestuen (BPE) portzentaia berraztertuz eta birnegoziatuz. Halaber, eta iragan astean prentsa agerraldian EH Bildutik eskatu genuena gogora ekarriz, Eusko Jaurlaritza eta Etxebizitza saila hitzarmenera batzeko ahalegina egitea eskatzen dugu etxebizitza publiko gehiago egin eta salmentaren prezioa murrizteko helburuarekin.