Negua eta tenperatura hotzak iristearekin batera, EH Bildutik Udal Gobernuari Ate Irekiak zerbitzuari eta hotzari aurre egiteko aktibatu beharreko baliabideei buruzko interpelazioa egin diogu berriro. Aurreko urteetan adierazi dugun bezala, eta kaleko egoeran daudenentzat garairik gogorrena hurbiltzen ari den bakoitzean, La Sirenako aterpetxea erabiltzeko prest izatea baina ez erabiltzea ez da azaltzen; ulergaitza da. Gogoan izan behar dugu Arartekoak berak iradoki zuela izozteei ez itxarotea zerbitzu hori irekitzeko.
Asteazken honetan hedabideen aurrean egindako agerraldian, Izar Hernando EH Bilduko zinegotziak errekurtso horren erabilpen mailan jarri du arreta, adibide batekin irudikatuz: aurreko Gabonetan, La Sirena lau egunetan bakarrik erabili da, izozteak aurreikusten ziren egunetan soilik, alegia. «Izoztu ez den egunetan ere hotz handia egin du, eta egun askotan jarraian, gainera. Izozteei itxarotea gehiegi itxarotea dela uste dugu. Eta berriz ere, agerian geratu da hotzaren aurrean ditugun baliabideak ez direla nahikoak», esan du.
Zalantzarik gabe, abenduan Martutenetik kanporatuak izan ziren pertsonak La Sirenan martxoaren 31ra arte hartu izana albiste ona da, baina ezin dugu ahaztu neurri horrek ondorioak izan dituela hotzaren aurkako protokoloan: orain eskaini ohi dituen 100 plazetatik 40 inguru daude erabilgarri, hirian, hirugarren sektoretik maneiatzen dituzten zifren arabera, 500 pertsona inguru kale egoeran daudenean. Beraz, lau egun hauetan, Udalak 40 ohe bakarrik eskaini ahal izan ditu.
Zentzu honetan, EH Bildutik Harrera Saretik deskribatzen duten zerbitzuaren egoeraren berri eman nahi dugu: izozteekin aktibatzen den baliabide bat izan arren, lehenengo egunean ez zen berogailua piztu; bestalde, 22:00etatik 8:00etara irekitzea ez dela nahikoa adierazi dute.
Hernandok adierazi duenez, «uste dugu hobetzeko tartea dagoela pertsona horiei ematen zaien kaleko arretan ere, tenperaturak 5 gradutik beherakoak direnean. Janari beroa eta arropa eskaintzeko goiz eta gauez aktibatzen den baliabide hau ez da inola ere iristen kalean lo egin behar duten gehienengana. Hori dela eta -gaineratu du-, gure ustez, Ate Irekien zerbitzuak ahalmen handiagoa izan arte, Neguko Protokoloko beste zerbitzu hori zabaldu eta egokitu egin beharko litzateke, arrisku uneak ahalik eta gehien saihesteko».
Bihar, hilak 15, egingo diren batzordeetan, EH Bildutik EAJ-PSEren Gobernuari galdetuko diogu ea zergatik ez duen negu osoan Ate Irekien zerbitzua eskaintzen, hainbeste elkartek eskatzen dutenarekin bat etorriz. Halaber, ordutegi hori ez luzatzeko arrazoiei buruz galdetuko dugu, hobetu daitekeela uste dugulako. Martutenen Agustindarren eraikina hustu ondoren Ate Irekien zerbitzuak izandako plaza-murrizketa konpentsatzeko zerbait egiteko asmoa duen galdetuko dugu.
Herrerako desalojoa
Gaur egun gure hirian kale egoeran dauden pertsonei ematen zaien arreta eta protokoloa hobetzen saiatzeaz gain, EH Bildutik Herreran dagoen egoerari erreparatu nahi diogu, 200 pertsona inguru pabiloietan bizi baitira. Duela gutxi Jon Insausti alkateak Zardoyako eraikin horiek eraitsiko direla adierazi badu ere, horrek argitu beharreko zenbait zalantza sortu ditu. Izan ere, muturreko zaurgarritasun egoera bati ezin zaizkio ziurgabetasunak gehitu, are gutxiago publikotik. Ez du argitu noiz izango den eta zein baldintzatan egingo den.
Agustindarren eraikinetik kanporatuak izan ziren pertsonak La Sirenan hartzea oso urrats garrantzitsua da, eta oso modu positiboan baloratzen dugu, erakusten baitu borondatea dagoenean baliabideak bideratu daitezkeela. Edonola ere, Hernandok adierazi duen bezala, faltan botatzen dugu jakitea zeintzuk diren eta zertan datzan eskainiko zitzaizkiela ziurtatu ziren «ibilbide pertsonalizatuak» gizarteratu eta laneratu ahal izateko. Gaur egun, ez dakigu zein diren xehetasunak eta nola dagoen prozesua.
Eta Herreraren husteari dagokionez, «Martutenen baino aurreikuspen gehiagorekin jokatzea eta elkarteekin lankidetza handiagoa egotea eskatzen dugu, baita pertsonak artatzeko irizpide argiagoak izatea ere. Operazio hau ez bada ahalik eta aurreikuspen handienarekin egiten, ezta ikuspegi sozial eta pertsonalizatuarekin ere, dozenaka pertsona egoera are zaurgarriagoan utz ditzake», ohartarazi du Hernandok.
EH Bilduko zinegotziak alkateari zuzendutako galdera bat erregistratu du, Pertsonentzako Zerbitzuen batzordean dagozkion azalpenak eman ditzan. Adibidez, zer instalazio pertsonalizatu dauden eta administrazio-erregularizazioko, prestakuntzako, enpleguko eta etxebizitzako ibilbideak bermatzen ari diren. Era berean, argitu nahi dugu zeintzuk izan ziren La Sirenan hartuko dituzten pertsonak aukeratzeko irizpideak, noiz hasiko diren Herreran daudenekin harremanetan jartzen eta bigarren desalojo hau burutu ondoren zein baliabide eskainiko dizkieten gaua babesean pasa dezaten.
«Gogoratu behar dugu badirela instituzioen arteko mahaiak errealitate horri heltzeko; Eudel da horietako bat». Urrutirago joan gabe, azken Osoko Bilkuran, abenduan, EUDELen barneratutako Gipuzkoako Gizarte-Zerbitzuen mahai iraunkorraren prozesua bizkortuz, diagnostiko partekatu bat egitea proposatu genuen. Diagnostiko horretan, Gipuzkoako Gizarte-Zerbitzuen Mapan zehaztutako gizarte- eta egoitza-bazterketarako baliabideen estaldura zenbateraino betetzen duten jaso asmoz, baina proposamenak ezezkoa jaso zuen.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak aurrekontu-zuzkidura bat ezar zezala iradoki genuen, Etxerik gabeko Pertsonen Euskal Estrategiarako, hura bete eta garatzeko modua izan dadin. Ez EAJk, ez PSEk, ez PPk ez zuten babestu.
Hain zuzen, iragan abenduaren 23an, EH Bildutik eskaera erregistratu dugu Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoa, non bertan biltzen diren Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta udaletxeak, bilera batean bildu dadin.