AKTUALITATEA


| 2021-06-08 11:53:00

Hotelen kontrolik gabeko hazkundeak dituen ondorio negatiboak agerian utzi ditu EH Bilduk azken urteotan. Izan ere, hau ez da fenomeno isolatu bat, hotelen hazkundeari gehitu behar baitzaio pisu turistikoen hazkundearen eragina, erakarpen turistikorako jaio diren proiektu millonarioak, etab.

Hotelen hazkundeari dagokionez, EH Bilduren ustez, aurrerapauso bat eman behar da hiri bezala, eta inplikatutako eragile guztien artean (erakundeak, auzo-elkarteak, hotelen sektorea…) hotel-jardueraz saturatuta dauden eremu berriak adostu behar dira. Eta bitartean, hotel berriei moratoria ezarri behar zaie Donostia osoan. Pandemiak turismoarekiko gehiegizko mendekotasunaren ondorioak erakutsi dizkigu, eta krisitik ateratzeko orduan, lezioa ikasita atera behar dugu.

Zentzu honetan, aste hauetan Donostiako Turismoko Plan Zuzentzailea berritzen ari da. EH Bildu arreta bereziarekin aztertzen ari da plan berriaren “letra txikia”. Izan ere, 2017-2021 Plan Zuzentzailearekin gertatu zen bezala, oraingo honetan ere diskurtsoak alde batetik doaz eta praktikak kontrako norabidean joango direla dirudi.

Turismo eredu honen ondorioetako bat Donostian etxebizitzaren prezioa igotzen jarraitu izana da, baita pandemia garaian ere. Gamerin enpresak Gipuzkoako Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargo Ofizialerako berriki egindako ikerlan baten arabera, Donostiako etxebizitzaren batez besteko prezioa 405.258 eurokoa da, eta azken urtean %10,99ko hazkundea izan du. Oso urrun geratzen dira Bilbo (244 mila; +% 3,28) eta Gasteiz (216 mila, +% 15,55). Gainera, atzo Botere Judizialak plazaratutako datuen arabera, Gipuzkoa da herrialde bakarra non igotzen diren etxe-kaleratzeak pandemiaren ondorioz (+% 70), eta, hainbat urtez agertu gabe egon ondoren, gero eta maizago dira Gipuzkoan hipoteka ez ordaintzeagatik egiten diren etxegabetzeak (20 kasu, +% 300).

Laburbilduz, EH Bilduk berriro ere nabarmendu nahi du Eneko Goiaren alkatetzan sustatu den eredu ekonomikoan turismoaren sektoreak duen pisu neurrigabea. 30 hotel berri baino gehiago daude orain hirian, eta joera da epe ertainean gehiago irekitzea.

Datuen eguneratzea

  • Ekaineko lehen egunetarako Donostian bi hotel berri irekitzea aurreikusten zen, bat Zabaleta kalean eta bestea Artzain Onaren plazan. Bi eraikinak Donostiako Gotzaindegiarenak ziren.

  • EH Bilduren zenbaketaren arabera, azken sei urte hauetan 34 hotel berri ireki dira edo lizentzia eman zaie Donostian. Horietatik, 3 edo 4 proiektu baino ez ziren aurretik etortzen; gainerakoak EAJ-PSEko Udal Gobernuarekin onartu eta ireki egin dira.

  • Erdigunea da, sei urte hauetan, irekiera gehien dituen auzoa: hotel plaza berrien %40 biltzen ditu.

  • Gros auzoa dago egitasmo hoteleroen berrien epizentroan. Nahiz eta orain arte irekiera berrien %7,68 besterik ez den, Mariaren Bihotzaren hotel berriaren dimentsioa zehazten denean kopuru hori nabarmen haziko da. Pio X-en proiektuari dagokionez, esan behar da geldituta dagoela Inmaculada ikastetxearen lan-gatazkagatik; baina Udal Gobernu honen aurrekariak ikusita, pentsatzekoa da laster jarriko dela martxan berriro. Eta horri gehitu behar zaio Gros dagoeneko saturatauta dagoela pisu turistikoekin eta beste ostatu mota asko daudela bertan.

  • Zerrenda horretatik bi proiektu handi erori dira: Ulian San Ignazio egoitzaren inguruan egin nahi zen 100 plazako hotela, eta Ilunbekoa.

  • Loiolako Erriberak indarrez sartu dira Donostiako mapa turistikoan “Student Hotel” proiektuarekin. Maiatzean bertan, Udal Gobernuak hasierako onarpena eman dio Plan Bereziari. Asmoa da eremu horretan, etxebizitzak eraikitzeaz gain, hotel mota berri hau ere eraikitzea. “Student” markarekin aurkezten den arren, praktikan ohiko hotelaren jarduerak izango ditu. Eta Donostiako handienetakoa izango da.

  • Donostian irekitzen ari diren hotel berri gehienen kasuetan, gainera, haien administrazio-kontseiluak Euskal Herritik kilometro askotara kokatuta daude.