AKTUALITATEA


| 2021-12-01 12:29:00

Orain dela egun batzuk inauguratu da Garberako merkataritza gunea handitzeko lehen fasea (udaberrian bigarren fasea inauguratzeko asmoa dute). EAJko eta PSEko zenbait kargu instituzionalek parte hartu zuten inaugurazioan. Bertan, Nekane Arzallus lehen alkateordeak goraipatu zuen udal langileen inplikazioa Garberaren handitzea gauzatzeko orduan, eta "hiri-ekonomiarako proiektu traktore" gisa definitu zuen. Enpresak, bere aldetik, “Garbera Revolution” izeneko publizitate-kanpaina handia jarri du martxan. Era berean, hiriaren beste aldean, Udal Gobernuak Belartza II merkataritza zentro berriaren tramitazioarekin jarraitzen du. Hau da, Donostiako merkataritza txikiaren lehiakideak gero eta ugariagoak dira, udal gobernuaren babes osoarekin, auzoetan gero eta denda gehiago ixten ari diren bitartean.

Pandemiak areagotu egin ditu atzetik zetorren joerak eta dagoeneko esan daiteke erosketa-ohiturak aldatu egin direla, maila handi batean, erabaki politiko zehatz batzuen ondorioz. Horrela, multinazional banatzaile handiak irabaziak biderkatzen ari dira; eta auzoetako dendak ixten. Beraz, orain inoiz baino beharrezkoagoa da gure hirian merkataritza txikiak duen garrantzia nabarmentzea. Erakundeek mezu argia bidali beharko lukete sektore honen alde eta, merkataritza txikia lehen lerroan kokatzeko, estrategia bateratua adostu.

Lehenik eta behin, merkataritza txikiaren ezaugarri nagusiak nabarmendu behar dira bere lehiakideen ezaugarrien aurrean (merkataritza gune handiak, fisikoak edo online): auzoen dinamizazioa eta suspertzea, arreta pertsonalizatua, hurbiltasunak sortzen duen erosotasuna, zuzeneko tratua, konfiantza, saltoki horien esklusibotasuna eta espezializazioa, etab.

Bigarrenik, denda txikiak lehen lerroan jartzeak etorkizun hurbileko erronkekin bat egitea esan nahi du, tokiko merkataritzak banatzaile globalizatu handiek baino askoz gutxiago kutsatzen duelako. Izan ere, berotegi-efektuko gas gutxiago isurtzea helburu, ez du zentzurik Erdigunea auto pribatuak murriztu behar dugula adieraztea eta, aldi berean, periferian Garbera eta Belartza II zabaltzeko baimena ematea, jende gehienak auto pribatuan erabili behar duenean gune horietara iristeko.

Eta hirugarrenik, etorkizuna tokikotasuna delako. Izan ere, beti izan da garrantzitsua, baita Globalizazioa, deslokalizazioa eta espezializazioa arazo guztiak konponduko zituen panazea omen zirenean ere. Izan ere, bizi-kalitate duin batek komunitate sendo batean oinarrituta egon behar izan du beti, hau da, lurraldean eta gizartean errotutako egitura ekonomiko batean. Eta, orain, pandemiaren erdian, dogma neoliberalaren gabezi guztiak agerian geratzen ari direnean, hornidura-krisi handi batekin eta prezioen etengabeko igoerarekin, tokikotasunaren aldeko apustua, aukera bat baino gehiago, premia bihurtu da. Horregatik, kontsumo lokala, ekoizpen lokala eta banaketa lokala sustatzea ezinbestekoa izango da ate joka ditugun erronken neurriko ekonomia forma berri bat sortzeko.

Horregatik guztiagatik, agintariei argi eta garbi esateko, eta baita gizarte osoari ere, merkataritza txikiaren aldeko erabakiak hartzeko garaia iritsi dela, Donostiako EH Bilduk kanpaina bat jarri du abian, “Merkataritza Txikia Revolution” lelopean, denda txikiak duen garrantziaz ohartarazi nahi duena. EH Bilduko militanteek esku-orriak banatuko dituzte hiriko auzoetan, eta arreta berezia jarriko dute Garberako inaugurazioak gehien kaltetutako eremuetan: Altzan eta Intxaurrondon.