AKTUALITATEA


| 2024-11-14 14:52:00

Hirugarren egunez EAJ-PSEren Aurrekontu proposamena aztertu dugu Ogasun batzordeen baitan eta ostegun honetan berretsi ahal izan dugu, beste behin, salatzen gatozena: Udal Gobernu honek ez du borondaterik Sorleku parkea egiteko eta, beraz, intxaurrondotarren nahia errespetatzeko.

‘Mons-Sasiaingo jarduerak’ izeneko 400.000 euroko aurrekontuko partidari buruz EH Bildutik egin dugun galderei erantzunez, aipatu atala Sorlekuz ari dela egiaztatu ahal izan dugu. Ordea, Eneko Goiaren Gobernuak onartu du proiektua ez dela gauzatuko Udal Gobernu berberak datorren urterako onartutako kopurua ez baita nahikoa.

EH Bildutik proposamena egin dugu: 2024ko aurrekontuetan Sorlekurako erreserbatuta dauden 400.000 euroak baliatzea, izan ere diru hori erabili gabe dago. Hala, auzoarentzat hain beharrezkoa den proiektua behingoz ordaindu ahalko litzateke. Baliabide ekonomikoak existitzen dira, baina ez interesa.

Aski da aitzakiak eta bete gabeko konpromisoekin. Zazpi urteko atzerapena duen proiektu bat gauzatzeko beharrezkoa den aurrekontua inbertitzea edo ez  inbertitzea erabaki politikoa da. Ez dago borondaterik; gaur berriro egiaztatu dugu.

Harriduraz hartu ditugu Udal Gobernuaren adierazpenok, are eta iragan berri den urriko osoko bilkuran Sorlekuri buruz eztabaidatu ostean eta Intxaurrondok mobilizazio jendetsu batekin parkea aldarrikatu ondoren. EH Bildutik gure eskura ditugun tresna guztiak aktibatuko ditugu Sorleku errealitate izan dadin.