AKTUALITATEA


| 2022-05-27 13:23:00

Donostiako eta Pasaiako EH Bilduko zinegotziek, hainbat herritarrekin batera, lore-eskaintza egin dute gaur, maiatzak 27, Ategorrietako sarraskiaren 91. urteurrena oroitzeko. Egun horretan, 1931ean, portuko zazpi langile hil zituen Guardia Zibilak, Ategorrietako erlojuaren parean, Donostiako erdigunera manifestazioan zihoazela, haien lan-baldintza penagarriengatik protesta egitera.

Markel Ormazabal (Donostia) eta Iraitz Pazos (Pasaia) zinegotziek hitza hartu dute Donostiako nahiz Pasaiako badiaren bilakaera historikoan langileen mugimenduak eta sindikatuek izan duten -eta duten - garrantzia nabarmentzeko.

Gogoratuko denez, iaz, 90. urteurrenean, EH Bilduk sarraskiaren oroimena hiriko eztabaida sozialera eraman zuen, hainbat ekimen programatuz. Era berean, Udal Gobernuari proposatu genion Ategorrietako sarraskia ofizialki oroitzea, eta, atzerapen askoren ondoren, azkenean, Udalak plaka ofizial bat jarri zuen bertan, eta errekonozimendu instituzionaleko ekitaldia egin zuen 2021eko abenduaren 22an.

Aurten, 91. urteurrena iritsi da Donostiako memoria historikoaren beste gertaera mingarri bat ezagutu denean. Gogoratuko denez, joan den astean, Aranzadi Elkarteak Polloeko mausoleo frankistan, gutxienez 17 miliziano eta gudarien ehorzketa demostratzen duten zenbait dokumentu historiko argitaratu zituen. Donostiako EH Bilduko udal taldeak Giza Eskubideen Batzordean aurkeztutako ekimen instituzional batetik abiatu den azterlana izan dela aipatu behar da.

Bi gertaera horiek gure hiriaren historiaren zati dira. Hala ere, bai gudarien eta milizianoen ehorzketa Polloen, bai Ategorrietako sarraskia eta, oro har, langileen mugimenduaren borroka, hiri-kontakizunetik kanpo utzi nahi izan dira. Aitzitik, langile mugimenduaren eta sindikatuen borrokak izan dira - eta hala izaten jarraitzen dute - Donostiako hiri-nortasunaren ezaugarrietako bat eta, are gehiago, Donostiako, Gipuzkoako eta Euskal Herriko egungo ongizate-maila, batez ere, langile borrokei esker lortu da.