AKTUALITATEA


| 2020-05-19 15:38:00

EH Bilduk premiazko agerraldi-eskaera bat erregistratuko du, donostiarrei azaltzeko zer mugikortasun-plangintza mota duen esku artean Udal Gobernuak (plangintzarik badu) halako nahia adierazteko.

Pilar Aranak, Teledonostin egindako elkarrizketa batean, honakoa esan du hitzez hitz: "Mugikortasun zinegotzi gisa udan auto-ilarak eta pilaketak gustatzen ez bazitzaizkidan ere, orain esaten dut ea uda honetan auto-ilara hori egongo den eta ea autoak erdiguneraino etorriko diren". Ondoren, mugikortasun zinegotziak azaldu du auto kopurua jarduera ekonomikoaren adierazle dela.

Ezin da onartu mugikortasuneko zinegotzi batek bere eginkizunak alde batera uztea eta jendaurrean horrelako adierazpenak egitea. Edo adierazpen horiek zuzentzen ditu eta lanean hasten da bere Departamenduaren helburuak betetzeko norabidean, edo bere kargua utzi beharko du. Ez dago beste irtenbiderik.

Baina adierazpen horiek sakoneko arazoaren icebergaren punta besterik ez dira. Izan ere, udal gobernu hau mugikortasun iraunkorra sustatzeko orduan, isurketak murrizteko eta klima-aldaketaren aurkako borrokaren ikuspuntutik, oso atzean geratzen ari da. Eta Eneko Goiaren mugikortasun politikak pandemiaren aurretik ere oso eskasak baziren, orain, konfinamenduaren garaian eta deseskalatze prozesuari begira, kudeaketa tamalgarria izaten ari da.

Osasunaren ikuspegitik, pandemia garia hauetan, hirian mugitzeko sistemarik seguruena bizikleta da. Halere, udal-gobernuak ez du horren aldeko apustu garbirik egin. Orain dela egun batzuk, Goiak iragarri zuen 5 kale "zona 10” (oinezkoak + bizikleta + autoak) bihurtuko zirela, guztira 800 metro baino gutxiago, eta Askatasunaren hiribidea (400 m) “Zona 30” bihurtuko zela (autoa + bizikleta). Neurri gehiago iragarri ziren beste kale gutxi batzuetan, baina orain arte ez da ezer egin. Aldiz, Bartzelona bezalako beste hiri batzuek, lehen egunetik, 80km egokitu zituzten oinezkoentzat eta behin-behineko 21 km-ko bidegorriak jarri zituzten. Eta Granadak, esaterako, 75 km-ko bidegorriak eta 50 km oinezkoentzako kaleak iragarri ditu. Milan, Paris eta Europako beste hiriak ere bide beretik doaz. Eta apustu hori ez da aldi baterako: ordezkariek adierazi dutenez, neurri horietan ez da atzera egingo.

Pandemia garai honetan, EH Bilduk hainbat proposamen egin ditu bizikletaren erabilera sustatzeko, garraiobide seguruagoa eta eraginkorragoa delako. Proposamenak aurkeztu dizkiogu Udal Gobernuari, bai konfinamenduan (ospitaleetara igotzeko bidegorria jartzea, osasun-langileek erabil dezaten), bai deseskalatze prozesuari begira (behin-behineko bidegorriak hiriko ardatz nagusietan: Elosegi etorbidea-Mirakruz; Amara- Poligono 27, Igarako poligonoan, etab.). Proposamen horiek guztiak atzera bota ditu EAJ-PSE Udal Gobernuak.

Eta gogora dezagun Donostia Bizikletaren aldeko Hirien Sareko kide dela, 'bizikletaren erabilera bultzatzeko txoke-plana' aurkeztu zuena apirilaren 22an. Eta, nahiz eta Pilar Aranak berak bide telematikoz parte hartu zuen plan horren aurkezpenean, ia neurri bat bera ere ez da aplikatzen ari Donostian. Eta, Pilar Aranaren adierazpenak ikusita, gauza guztien aurretik autoa lehenetsiz, ez du betetzeko inolako asmorik.