AKTUALITATEA


| 2020-04-06 16:29:00

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak jakitera eman du bihar, prentsaurreko telematiko baten bitartez, koronabirusak eragindako egoeraren inguruko informazioa emango duela.

Bea Ilardia EH Bildu Bizkaiko bozeramaileak gogoratu duen bezala, “azken asteetan hainbat agerraldi eta informazio eskatu dugu eta ez dute behar bezala erantzun. Orain, prentsaurreko honekin, Rementeriak kudeaketari kritikak ekidin eta guztion arteko elkarlana modu larrian kaltetzen du”.

EH Bilduren ustez, Rementeriaren erabaki hori errespetu falta larria da Bizkaiko Batzar Nagusiekiko.

“Gaur bertan Ahaldun nagusiak Batzar Nagusietan agerraldia egiteko aurkeztu du. Hori egin eta ordu gutxira jakin dugu bihar bertan prentsaurrekoa emango duela. Bizkaitar guztiak ordezkatuta dauden instituzioekin izandako errespetu falta oso larria da”, adierazi du Ilardiak.

Astetan inolako agerraldi publikorik egin gabe egon ondoren eta Batzar Nagusietako ordezkariei informazioa helarazterako orduan erakutsitako interes ezaren ondoren, oso larria da Rementeriak bere lehen agerraldia prentsaurreko telematiko baten bitartez egitea eta ez dagokion lekuan; hau da, Bizkaiko Batzar Nagusietan.