AKTUALITATEA


| 2024-04-18 16:11:00

Gaurko hitzartzea baliatu nahi dugu, Osasun Sistema Publikoko langile guztien lana aitortzeko eta zoriontzeko. Guztiak zarete beharrezkoak Osasun Sistema Publikoarentzat. Zentzu horretan, ezin gara ahaztu ere Osasun Sistema Publikoaren defentsan mobilizazio desberdinen bidez aritu diren sindikatu, herritarren plataforma, elkarte, eragile eta herritar guztiekin.

 

Benetan zoriontzekoa eta txalotzekoa egindako lana eta izandako eskuzabaltasuna ekarpenak egiteko eta desberdintasunen gainetik guztion Osakidetzaren alde egiteagatik

 

Eta orain zur eta lur ari gara ikusten, nola hauteskundeak iristear direla, Osakidetzaren gainbeheraren errudunak esaten duten hau guztion artean sendatu eta indartu behar dela. Orain? Urteetako mespretxuen ondoren? Inposizioen ondoren?

 

Orain dena dira promesak baina zergatik ez dute hori dena egin gobernuan egon direnean? Nolatan sinetsiko ditugu? Ez dute sinesgarritasunik. Ez da serioa. Jendeak errespetu handiagoa merezi du.

 

Gu, ordea, bai saiatu garela legegintzaldi osoan zehar desberdintasunen gainetik Osasun Publikoaren defentsan prest egon diren guztiekin elkarlanean aritzen. Konbentzimendu osoa dugulako, Osasun Sistema Publikoa guztion artean eraiki behar dugula, langileekin, sindikatuekin, herri plataformekin, elkarteekin.

 

Apirilak 21etik aurrera ere gure eguneroko lanarekin bide horretan jarraitzeko prest gaituzuela adierazi nahi dizuegu. Hauteskundeetako hitz emate hutsetik zuekin konpromisoa hartzera. Osasun Sistema Publikoa berreraikitzeko zereginetara pasatu beharra dugu. Ilusioz eta indarrarekin. Badugu programa eta Badugu ilusioa.