Azaroaren 29an boto guztiak EH Bildun biltzeko deia egin du gaur Pello Otxandianok Santurtzin, «boto bat bera ere bidean gelditu ez dadin. Modu eraginkor eta alaiean bozkatzera deitzen zaituztegu datorren igandean. Posible delako. Eta, noski, posible egingo dugulako».
Pello Otxandiano EH Bilduren Gasteizko Legebiltzarreko bozeramailea eta Marije Fullaondo espainiar Kongresurako hautagaia, gaur Santurtzin izan dira, Bizkaiko kanpaina ekitaldian, Santurtziko alkatetzarako EH Bilduko hautagaia den Naiara Gutierrezen eskutik.
Otxandianoren esanetan, EH Bilduren aldeko botoa ematea «jendearen bizitzak hobetu, Euskal Herria errespetatu, emakumeon eskubideak defendatu, pentsioak bermatu eta etxebizitza larrialdiari aurre egiteko botoa da. Soldatak igo eta prezioak jeistearen aldeko botoa. Zintzotasunaren aldeko botoa, zaratarik ateratzen ez duen ezkerraren aldekoa. Ustelkeria kasurik ez eta administrazio kontseiluetan etorkizunik bilatzen ez duen militante konprometituz osatutako komunitatearen aldekoa. Herri hau maite dugunon aldeko botoa, 0 kilometrokoa. Euskal Herritik eta Euskal Herrirakoa».
Marije Fullaondok esan du, bere aldetik, azaroaren 29tik aurrera askoz gehiago egiteko, «zure botoa behar dugu. EH Bildurik gabe ez delako aurrerapen sozialak ahalbidetuko dituen gehiengorik izango. Azken urteotan berri oso onak eman dizkiegu euskal herritarrei, Madrilen eskubideetan eta askatasunetan aurrerapauso ugari lortu baititugu. Harro gaude jendearen bizitza hobetzen, industria bultzatzen, pentsioak duintzen eta etxebizitza eskubidearen alde egiten lagundu izanaz. Baina badakigu ezer ez dela nahikoa. Azaroaren 29tik aurrera askoz gehiago egin behar dugu, eta horretarako zure botoa behar dugu».