AKTUALITATEA


| 2023-04-29 13:05:00

Ezkerraldeko zerrendaburuak aurkezteko ekitaldia egin du EH Bilduk gaur goizean Sestaoko San Pedro plazan. Bertan Ezkerraldeko lau zerrendaburuek eta Iker Casanova Barakaldoko bizilaguna eta EH Bilduren Ahaldun Nagusigaiak parte hartu dute.

Casanovak adierazi duenez, “anomalía” bat da Bizkaia “eliteen zerbitzura dagoen alderdi batek gobernatzea, lurraldeko soziologia, pentsamoldea eta tradizioa ezkerrekoa baita”. Hori, EH Bilduren iritziz, “aldatu egin behar da, eta EH Bildu da horrelako gobernu bat gidatzeko aukera bakarra”.

Bizkaiko Foru Aldundirako hautagaiak iragarri du EH Bilduk “aurrerapauso handia” emango duela metropoli-eremuan eta, zehazki, Ezkerraldean. Izan ere, bere esanetan, “EH Bilduren proposamen politikoak elkartasuna, zerbitzu publikoen sustapena, fiskalitate progresiboa eta eliteen interesen ordez, herri klaseen interesak defendatzen ditu”. “EH Bilduren proposamenak zuzenean bat egiten du garai batean lokomotore ekonomikoa izan zen baina  gaur adierazle sozioekonomikoak ixten dituen eskualde honetako herritarren beharrekin”.

Azkenik, Casanovak Ezkerraldeak berrindartze proiektu integral bat behar duela nabarmendu du: “Ezkerraldeak berriz ere gune industrial bat izan behar du, eta 5.0 industriaren gainean berrasmatu behar da. Eta hori gauzatu ahal izateko, EH Bilduk funtsak, baliabideak eta borondate politikoa aginduko ditu erakundeetatik”, adierazi du.

Casanovarekin batera, Sestaoko alkategaiak eta Portugaleteko alkategaiak, Javi Gonzalezek eta Eneritz Mancisidorrek hurrenez hurren, hartu dute hitza. Gonzalezen esanetan, EH Bildu aldaketarako tresna da Ezkerraldean, eta iragarri du alderdi subiranistak inoizko emaitzarik onenak lortuko dituela eskualdean, “EH Bildu baita alternatiba bakarra PSEren eta EAJren aurrean”. Gonzalezen arabera, “alternatiba horren DNA bereizgarria da konprometitutako auzotarrek osatzen dutela da, Ezkerraldeko udalerrien buru diren oraingo politikako profesionalak ez bezala”.

Bestalde, Mancisidorrek nabarmendu du EH Bilduk Ezkerraldea lehentasuntzat hartzen duela datozen hauteskundeetan, eta azpimarratu du zerrenda subiranistek herri bakoitzaren beharrei erantzungo dieten programak aurkezteaz gain, eskualde gisa diagnostiko bat eta proiektu estrategiko bat aurkezten dituztela, azken hamarkadetako EAJren eta PSEren eredu zaharkituen alternatiba integrala dena.

Hauek dira EH Bilduren zerrendaburuak Ezkerraldean:

Barakaldo: María Solar Romero
Sestao: Javier González Medrano
Portugalete: Eneritz Mancisidor Villamediana
Santurtzi: Miren Matanzas Gorostizaga