AKTUALITATEA


| 2026-11-18 21:18:00

Gaur, Balmasedan, Oskar Matutek esan du azaroaren 29an bi aukera daudela, aurrera edo atzera egite, eskubideak eta askatasunak zabaltzen jarraitzea edo garai ilunetara itzultzea. «Guk badakigu zer hautatzen dugun, eta argi diogu lehia EH Bilduren eta bloke erreakzionarioaren artean dagoela. Modu eraginkorrean bozkatzera deitzen zaituztegu, botoa EH Bilduri emanda. Ezker subiranista zenbat eta indartsuagoa izan, orduan eta ausartagoak eta anbiziotsuagoak izango direlako politika aurrerakoiak», gaineratu du Matutek.

Espainiako Kongresurako hautagai subiranista Balmasedan izan da gaur, Idurre Bideguren Senaturako hautagaiarekin batera, Nahia Sanz EH Bilduren Bizkaiko arduradun politikoak sartu duen mitinean.

«Ez dizugu eskatzen sigla bati atxikitzeko, munduko hainbat lekutan altxatzen hasi den esperantzaren olatuarekin bat egiteko baizik. Zenbat eta EH Bildu gehiago -jarraitu du- orduan eta eskubide gehiago pentsiodunentzat, gazteentzat eta langileentzat». Ezker subiranistaren hautagaiaren ustetan «ez da ekidistantziarako garaia. Herri hau bizkar gainean hartzeko eta esperantza gauzatzeko unea da».

Idurre Bidegurenek bestalde, ezker subiranistari emandako botoa matxismoari aurre egiteko eta erreakzionarioei aurre egiteko bermerik onena da. «EH Bildu berme feminista da abortatzeko eskubidea blindatzeko edo indarkeria matxistaren biktimen babesa indartzeko».

Emakume guztiak, gazteak zein helduak, EH Bildu bozkatzeko deia luzatu die Bidegurenek «matxistei aurre egiteko balio duelako, baina, horrez gain, politika feministak eta berdintasun-politika ausartagoak bermatzen dituelako bozka horrek. Emakumeok ez dugu atzera pauso bakar bat ere emango».