Pello Otxandiano EH Bilduren Gasteizko Legebiltzarreko bozeramaileak gaur Algortan adierazi duenez, gehiengo aurrerakoia osatzeko modu bakarra EH Bilduri bozka ematea do». Otxandianok gaineratu du «aurrera egiteko, urrunago iristeko eta herritarren eskubideak eta askatasunak bermatzeko, ezinbestekoa da gehiengo aurrerakoi bat osatzea. Eta apaltasunez baina baita irmotasunez esaten dugu: EH Bildu da gehiengo aurrerakoi hori eraginkorra izateko bermea».
Pello Otxandianok eta espainiar Kongresurako hautagaia den Marije Fullaondok Algortako Txiki ta Otaegi plazako arkupean egindako ekitaldi politikoan parte hartu dute. Mikel Bildosola EH Bilduren Getxoko zinegotzi eta bozeramaileak ireki du mitina.
EH Bilduri botoa emateak, etxebizitzaren arazoari soluzioa emateko, pentsioak bermatzeko, prezioak jaisteko eta herri hau eta bertako jendea defendatzeko balio duela gaineratu du ordezkari subiranistak. «Apaltasunez esaten dugu, baina argi eta garbi: benetan eraginkorra den botoa, EH Bildurena da. Hitzekoak garelako. Ez dugulako administrazio kontseilurik gure zain, ezta ate birakaririk ere. Herritarrak zerbitzatzera etorri garelako, eta ez politikaz bizitzera. Alternatiba badagoelako, posible egingo dugu».
Marije Fullaondo Espainiako Kongresurako hautagaiaren hitzetan, «EH Bilduk bere erantzukizuna erakutsi du, herrialdearen eta herritarren interesak siglaren aurretik jarri dituelako, bloke erreakzionarioaren erabateko garrantzirik eza baztertzeko bermea izateaz gain». Gaineratu duenez Fullaondok, EH Bilduren indarra funtsezkoa da politiken ardatza ezkerrerantz mugitzeko, «EH Bildu indartsu bat bloke aurrerakoiaren politikak benetan aurrerakoiak izateko bermea da».
Orain arte Madrilgo diputatu eta hurrengo legegintzaldirako hautagai denak adierazi du EH Bildu ez dela erdibidean geratzen, «herritarrei baino ez gatzaizkielako zor. Eta zure botoarekin, eraldaketa sakonagoak gauzatzea lortuko dugu. EH Bilduren aldeko botoa eskatzen dizuegu, itxaropen olatu honen parte izateko aukera aprobetxa dezazuen».