AKTUALITATEA


| 2026-11-21 12:33:00

Gaur Basaurin garatu du EH Bilduk Bizkaiko kanpaina ekitaldia. Hauteskunde kanpainaren azken txanpa honetan oso mezu argia zabaldu du Arkaitz Rodriguez, EH Bilduko Ekintza Politikorako idazkariak «Hitzordu historiko batez ari gara, eta egia da azaroaren 29an asko dugula jokoan, baina oker geundeke Madrilen dena hasi eta bukatzen dela pentsatuko bagenu. Guk partida Euskal Herrian jokatzen dugu. Datorren igandeko hauteskundeak hauteskunde ziklo baten atarikoak dira, eta ziklo horretan ezker subiranista protagonista izatera deitua dago».

 

Arkaitz Rodríguez Marije Fullaondo Kongresuarako Bizkaiko hautagiarekin aritu da Basauriko Ibaigane Kultur Etxean. Zigor Isuskiza, Basauriko alkatetzarako hautagaiak aurkeztu du ekitañldia.

 

Rodriguezek gaineratu du EH Bilduren protagonismoa «politika zintzoan konfiantza duten milaka eta milaka lagunen eskutik» etorriko dela. «Jendeari begietara begiratzen dion politika, kilometro zerokoa, administrazio kontseiluetan edo ate birakarietan etorkizunik bilatzen ez duena. Batzen eta biderkatzen duen ezkerra gara, zarata gutxi atera eta lan handia egiten duena. Eta gure ekintzek definitzen gaituzte». Azaroaren 29an EH Bildun botoa biltzeko deia egin du Arkaitz Rodríguezek.


Marije Fullaondok bestalde, herri honetako jendeak badakiela EH Bilduk hitz egiten duenean berri onak emateko dela, esan du.. «Azke urteotan berri oso onak eman dizkiegu euskal herritarrei. Madrilen eskubideetan eta askatasunetan aurrerapauso ugari lortu baititugu. Harro gaude jendearen bizitza hobetzen, industria bultzatzen, pentsioak duintzen eta etxebizitza eskubidearen alde egiten lagundu izanaz. Baina badakigu ezer ez dela nahikoa. Azaroaren 29tik aurrera askoz gehiago egin behar dugu, eta horretarako zure botoa behar dugu».


Azaroaren 29tik aurrera askoz gehiago egiteko, «zure botoa behar dugu -bukatu du espainiar Kongresurako hautagaiak- EH Bildurik gabe ez delako aurrerapen sozialak ahalbidetuko dituen gehiengorik izango».