2026ko Bizkaiko aurrekontuen inguruan negoziatzeko prest agertu da gaur EH Bildu, iazko negoziazioa eta akordio arrakastatsua izan ziren baldintza beretan.
Batzar Nagusietako batzordeetan aurrekontuak azaltzeko saioak bukatu eta biharamunean, EH Bildu kritiko agertu da, Iker Casanova bozeramailearen ahotan, urriaren 31n Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak eta Itxaso Berrojalbiz Ogasun diputatuak aurkeztutako kontu proiektuarekin. «Ez du anbizio eta gaitasun eraldatzailerik. Foru Gobernuaren ikuspegi estrategikorik ezaren emaitza da», baloratu du batzarkide subiranistak.
2026rako foru aurrekontua hedakorra dela ezin dela esan dio EH Bilduk; izan ere, joan den apirilean EAJren, PSEren eta Elkarrekin Podemosen bozkekin onartutako erreforma fiskalak «ez du diru-bilketa handitzea ekarri, eta, beraz, ez dago baliabide erabilgarri gehiagorik. Inflazioaren pareko igoera aurreikusten du proposamenak, baina, gure ustez, herritarrek aurrekontuak eta zerbitzu publikoak hedatzea eskatzen dute une honetan».
EH Bilduren Bizkaiko bozeramaileak gobernuaren kontuen «porrot kuantitatiboaz» hitz egin du; izan ere, bederatzi sailetatik bostetan aurrekontua inflazioaren hazkundearen azpitik soilik handituko da, eta horrek, praktikan, bederatzi sailetatik bostetan aurrekontuak murriztea esan nahi du. Bigarren porrota -gaineratu du Casanovak- «egiturazkoa da. Baliabideak, funtsean, langile gehienen ekarpenarekin lortzen direlako; horrela, bildutako 10 €tik 8 PFEZetik eta BEZetik datoz, eta sozietateen gaineko zergari dagokion zatia nabarmen jaitsi da. Sozietateen gaineko zergan bilketaren ia laurden bat gutxiago kontabilizatzen da».
EH Bilduk, Politika Orokorreko osoko bilkuran erabilitakoen antzera, Foru Gobernuak aurkeztutako kontuek «dinamika inertzial bati erantzuten diotela».esan du, «pilotu automatikoa jarrita kudeatzeko dinamika bati, erronkak identifikatzeko eta erronka horiei erantzuteko proposamen estrategikorik ez izateari».
Iker Casanovak gogorarazi nahi izan du EH Bilduk duela urtebete Aldundiak hasieran aurkeztutako kontuak «txartzat jo zituen, eta aurrekontu horien gainean ezin zela 180º-ko aldaketa egin, baina bai eremu estrategikoen inguruko hobekuntza partzial batzuk adostu». EH Bilduk eta Bizkaiko Gobernuak akordio bat negoziatu zuten, eta, EH Bilduko bozeramailearen hitzetan, «zentzuz gauzatzen ari da». Orduko hartan, EH Bilduk foru kontuen onarpena bultzatu zuen, eta bozketan abstenitu egin zen 33 milioi €ko proposamen sorta zabalaren truke.
EH Bilduk eta Foru Gobernuak adostutako aurrekontuen inguruan, EH Bildu pozik agertu da akordioaren betetze mailarekin. Jarraian, EH Bilduko batzarkideak negoziazio esparruan adostutako hobekuntza sozial batzuk aipatu ditu, dagoeneko gauzatu direnak, hala nola, Bizkaibuseko zerbitzuetara bideratuko diren 8 milioi € estra baino gehiago; zenbaki antzekoa politika sozialentzako bideratzen ari dira, besteak beste Abadiñoko egoitzarako proiektu komunitario berri bat aurreikusten duena; 2 milioi € etxebitza alokairurako prezioen indizeak finkatzeko; sektoreko langileen soldata baldintzak hobetzea edo mendekotasuna ebaluatzeko langile gehiago sartzea adostu ziren ere.
Era berean, 15 lanpostu sortzea aurreikusten da foru administrazio osoan, eta horietako lau EH Bildurekin lortutako akordioaren ondorioak dira. Adostutako 32 milioietatik EH Bilduk 16tan zenbatu du dagoeneko gauzatuta dagoen zatia eta kopuru horren zati bat datorren urteko aurrekontuan gauzatuko da. Zenbateko hori, bestalde, aurrekontu osoaren hazkunde errealaren parekoa da; izan ere, inflazioa kenduta, termino errealetan aurrekontu-proposamena hazi dena 16 milioi € da.
EH Bilduk aurrekontuen negoziazioari ekingo dio, alde estrategikoetan eragin nahian. «2026ko aurrekontuen inguruan negoziatzeko prest gaudela erakutsi nahi dugu, aurreko urteko negoziazioa eta akordio arrakastatsua gertatu ziren baldintza berberetan. EH Bildurentzat estrategikoak diren arloetan berriro eragiten saiatuko gara, hala nola, zaintzan, trantsizio ekosozialean eta etxebizitzan»