EH Bilduk akordioa lortu du Bizkaiko Foru Aldundiarekin 2025eko aurrekontuen harira. Akordioaren arabera, EH Bilduk eta Bizkaiko Gobernuak adostutako 33 milioi €ko proposamen sorta zabalaren truke, Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako kontuen bozketan abstenitu egingo da.
Jakina denez, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru aldundietan, zein Eusko Jaurlaritzan negoziazio bateratua proposatu zuen hasiera batean EH Bilduk, erronka estrategikoak abiabuntutzat hartuta, eta ezinezkoa izan denez, antzeko planteamenduak helarazi dira erakunde bakoitzera. Kasu honetan, Bizkaian, EH Bilduk hasieratik mahai gainean jarritako esparruetan zentratzen da hitzarmena, alegia, etxebizitzari, pertsonen zaintzari, trantsizio ekosozialari eta mugikortasunari dagozkien aurrekontu-partidetan.
EH Bilduk akordioaren balorazio positiboa egin du, eta pozik agertu da adostutako neurrien edukiarekin eta ardatz estrategikoetan kokatzeagatik eta herritarren arazo nagusiei erantzuteagatik. EH Bilduk eskerrak eman nahi dizkio Bizkaiko Jaurlaritzari akordiorako prest egoteagatik, eta bi aldeek egindako ahalegin handiaren emaitza izan dela adierazi du. Azken batean, EH Bilduren iritziz, Bizkaiko gizartea da onura gehien jasotzen duena, adostutakoa neurri positiboak direlako, erakundeen ekintza eraldaketa eremu eta bektore esanguratsuetan indartzen dutenak.