AKTUALITATEA


| 2023-04-22 08:34:00

Durangaldeko zerrendaburuak aurkezteko ekitaldia egin du EH Bilduk gaur goizean Iurretako San Miguel plazan. Bertan Durangaldeko herri guztietako zerrendaburuek eta Iker Casanova EH Bilduren Ahaldun Nagusi gaiak parte hartu dute.

Casanovak azken urteetan bizitako krisi anitzei erantzuteko, besteak beste, zerbitzu publiko indartsuak eta fiskalitate justua aldarrikatu ditu. Nabarmendu duenez, Aldundiaren eredua zaharkitua dago eta, horren aurrean, Bizkaiak bultzada berri bat behar du, bere lidergo ekonomikoa eta abangoardiako politika sozialak gauzatzeko gaitasuna berreskuratzeko.

Hori lortzeko politika egiteko moduak aldatzea ezinbestekoa dela azaldu du, eta Durangaldean EH Bilduk gobernatzen dituen udalak jarri ditu eredu bezala. Bere esanetan, gobernantza eredu irekia behar du Aldundiak, lagunkeria eta klientelismoan oinarritutako eredutik aldentzeko.

Bukatzeko, lehentasun berriak ezartzeko beharra nabarmendu du Casanovak eta sei aipatu ditu: “1. Trantsizio ekologikoa, 2 Industria 5.0, 3. Zerbitzu publikoak indartzea, batez ere zaintza arloan, 4. Mugikortasun eredu berria, 5. Berdintasuna, Feminismoa eta Gizarte kohesioa,  eta azkenez 6. hau guztia finantzatzeko eta aberastasuna birbanatzeko erreforma fiskala sakona”.

Casanovarekin batera Ima Garrastatxu eta Ziortza Duñabeitia Durango eta Iurretako alkategaiek hartu dute hitza ekitaldian. Duñabeitiaren esanetan EH Bildu Durangaldeko herri guztietan alkatetza lehiatzera irtengo da. Herrietan aurkeztutako talde bikainak eta anbizioa aipatu ditu Duñabeitiak, Iurretako adibidea jarriz.

Ima Garrastatxu Durangoko alkategaiak Iurretako plaza beteta ikusteagatik pozik agertu da. Emaitzak hobetzeko apustua egin du, Durangon egindako eraldaketa balioan jarriz. Iragarpen batekin bukatu du bere hitzartzea Garrastatxuk: “Durangaldean EH Bilduk inoiz izan dituen emaitzarik onenak lortuko ditu”.

Hauek dira EH Bilduk Durangaldeko herri ezberdinetan aurkeztuko dituen zerrendaburuak;

  • Mikel Urrutia Galan: Abadiño
  • Eneritz Agirre Armendia: Atxondo
  • Josu Albizuri Falcón: Berriz
  • Ima Garrastatxu Urbaneja: Durango
  • Julene Lazkano Zenitagoia: Elorrio
  • Paul Yarza Agirregomezkorta: Ermua
  • Ziortza Duñabeitia Urkiola: Iurreta
  • Oihane Irastorza Alzola: Izurtza
  • Igone Amesti Bustinzuriaga: Mallabia
  • Ainara Otxotorena Iriarte: Mañaria
  • Egoitz Garmendia Vera: Otxandio
  • Eneritz Azpitarte Aranzabal: Zaldibar
  • Ander Uriarte Pujana: Zornotza