AKTUALITATEA


| 2024-10-11 11:39:00

Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkideak Guggenheim Urdaibai proiektuaren inguruan behar bezalako azalpenik eman ez izana leporatu die Lakuako Gobernuari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, eta Busturialdearen suspertze ekonomikorako plan baten beharra azpimarratu du, Guggenheim Urdaibai bezalako «makroproiektuen» ordez.

Etxebarrietak EH Bilduren proiektuaren aurkako jarrera berretsi dio Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordeari, gaur Gasteizko Legebiltzarreko kontrol saioan eginiko interpelazioan, Busturialdean sortu diren plataformek eskatutakoarekin bat eginez, eta zalantzan jarri du Bengoetxeak azkenaldian eragileekin izandako bileretan hitz egindakoak kontuan hartuko dituenik. Benetako «entzute fasea» abiatzea eskatu du EH Bilduren legebiltzarkideak, «gobernantza kolaboratiboa» posible izan dadin. «Argi dago guk ez forman, ez fondoan ez dugula momentuan proiektu horrek proposatzen duenarekin bat egiten, turistifikazio eredu bat sustatuko duelako eta ikuspuntu ekologikotik ez duelako bermerik eskaintzen».

Era berean, Euskal Kultur Sistemaren Legeari heltzeko eskatu du Oihana Etxebarrietak.